Berako Mendi Maratoi Erdian izen emateko epea martxoaren 14an irekiko dute

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko mar. 8a, 10:23
Federazioaren Galan, Nafarroako taldekako txapeldunaren saria jaso zuen Manttalek, bertze zenbait sarirekin batera.

525 dortsal jarriko ditu eskuragarri aurten ere Manttalek 

Berako Mendi Maratoi Erdiko izen emateak martxoaren 14tik aitzinera egiten ahal dira goizeko 9:30etik aitzinera www.kirolprobak.com webgunearen bidez. Azken urteetan bezala 525 dortsal jarriko ditu eskuragarri Manttale taldeak. Federatuek 28 euro ordaindu beharko dituzte eta federatuta ez dauden korrikalariek 32 euro.

 

Mendi Galan sarituak

Manttalek azaroaren 1ean Izagondoko lasterketan lortutako Nafarroako taldekako txapeldunaren txapela eta trofeoa jaso zituen otsailaren 19an. Aimar Zubietak jaso zuen saria, Iñaki Larrañaga, Maddi Sotil eta Juanra Pikabea Manttaleko lasterkariek lagundurik, Nafarroako Mendi Federazioak Iruñean ospatutako galan. Txus Unsion Manttaleko korrikalariak Xabier Zubieta saria jaso zuen, Nafarroako Kopako mendi lasterketetako parte hartzaile beteranoena izateagatik. Bertzalde, Xabi Macías Cipriainek Luis Mari Pikabea saria jaso zuen, korrikalari gazteenari emandako saria.

Nafarroako Kopako beteranoen sailkapen orokorrean Josema Huizik bosgarren bukatu zuen, hirugarren postutik 24 puntura. Txus Unsionek zazpigarren bukatu zuen.

 

Mendi lasterketetako selekzioa

Nafarroako Federazioak aurten mendiko lasterketetako Nafarroako selekzioa sortuko duela jakinarazi zuen. Selekzio hau 8-9 korrikalariz osaturik egongo da etakorrikalari hauek batzorde batek erabakiko ditu, hiru lasterketetan egindako parte hartzea baloratuaz, hala nola, apirilaren 17an izanen den Berako Mendi Maratoi erdian, Jurramendi Trail Montejurra eta Xtreme Higa de Monreal. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun