305 kiloko harria nekez altxatu du Inaxio Perurenak Leitzan

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 29a, 09:20
Inaxio Perurenak 305 kiloko harria altxatu zuen larunbatean Leitzan. Argazkia: Nerea Mazkiaran (D. Noticias)

400 ikuslek ikusi zuten leitzarraren markarik onena

Inaxio Perurenak 305 kiloko harria altxatu zuen otsailaren 27an, larunbat eguerdian Leitzako Amazabal pilotalekuan. Harmailak lepo bete ziren, 400 ikusle inguru, eta Perurenak lehen saiakeran lortu zuen bere markarik onena. 

 

Legezko altxaldia izan zen, baina harri-jasotzailea ez zen gustura gelditu, lau kolpe eman behar izan zizkiolako bularrean. «Hasierako kolpeetan seguru ibili nahiz, baina bigarrenetik hirugarrenera desoreja somatu dut eta hortik tiratu behar izan dut. Entrenamendua izan balitz hortxe utziko nuke, baina frontoian zegoen giroarekin altxatu dut», zioen Inaxio Perurenak.

Hortaz, marka berria egiteagatik pozik, baina aldi berean altxaldia ez zelako guztiz dotorea izan triste ageri zen Perurena. «Hurrengo altxaldirako beldur horrekin gelditzen naiz», aipatu zuen eta gorputzak onartzen duen bitartean marka berriak egiten saiatuko dela.

Inoizko markarik onena Mieltxo Saralegik du, 329 kilorekin eta Iñaki Perurenak, Inaxioren aitak, 320 kilokoa altxatu zuen. Inaxio Perurenak hiru saiakera eginak zituen 303 kilokoarekin eta ez zuen lortu (nahiz eta bere ustez, hirugarrena balekoa izan) eta orain, 305 kiloko marka ezarri du. Otsailaren 12an hil zen Maria Gartziarena amonari eskaini zion altxaldia, hil aurretik ospitalean zegoela harri horrekin saiatzeko animoak eman baitzizkion.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun