Leitzako Udalak seinale moreak paratu ditu eraso sexistak salatzeko

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 24a, 07:33
Eraso sexisten kontrako kartel moreak jarriak dituzte Leitzako sarreretan.

Kanpainaren barrenean urtean zehar beste ekintza batzuk ere eginen dira

Leitzako Udalak seinale moreak paratu ditu herriko sarreretan eraso sexistak salatzeko eta arbuiatzeko. Berdintasun Batzordetik eratorritako proposamen honekin, Leitzako herriak indarkeria sexista oro salatzen duela ikustarazi nahi izan da, baita jendartea gaiarekin sentsibilizatzea ere. Seinaleetan honako hau irakur daiteke: “Leitzan ez dugu eraso sexistarik onartzen”.

 

 

«Herriko eta bisitarientzat ekimen on eta zirraragarritzat jotzen genuen Leitza horrelako erasoak onartzen ez dituen udalerri deklaratzean. Erakundeetatik bortizkeria hori salatzeko ahalegina egin behar da, baita lan egin ere bortizkeria mota horiek behin betiko desager daitezen», Oihane Calderon, Udaleko Berdintasun zinegotziaren hitzetan.

Ekintza hau eraso sexisten kontrako sentsibilizatzeko kanpaina baten barruan kokatuta dago. Urtean zehar beste ekintza batzuk burutuko dira genero indarkeria prebenitzeko eta salatzeko. Horretaz gain, bortizkeria sexista desagerrarazteko bidean pausu sendoak emateko asmoz, Leitzako Udalak pasa den azaroaren 24eko plenoan indarkeria matxistaren aurkako protokoloa garatzeko konpromisoa hartu zuen eta eragile ezberdinekin batera lan horretan murgiltzen hasia da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun