Lawrence O’Toole australiarra da Munduko aizkolari azkarrena

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 22a, 10:49
Munduko aizkolari azkarrenaren txapelketako finalista izan ziren lau aizkolariak. Argazkia: Xagu-Lesaka

Iker Vicente izan zen bigarren, Atutxa hirugarren eta Jon Rekondo leitzarra laugarren Tolosan 

Aizkolari Azkarrena Munduko Aizkolari finala jokatu da otsailaren 21ean, igande eguerdian Tolosako Beotibar pilotalekuan. Mundu osoko 16 aizkolari izan dira lehian, eta horien artean, Munduko txapeldun den Lawrence O’Toole australiarra suertatu da garaile.

 

Munduko txapeldunaz gain, Italiako Paolo Vicenzik, Suitzako Chirstophe Geissler-ek, Frantziako Pierre Puybaret-ek eta Espainiako Jon Rodriguez segoviarrak osatu dute nazioarteko partaidetza.

Hegoaldeko lau herrialdetako txapeldunak ere (Iker Vicente Nafarroan, Aitzol Atutxa II Bizkaian, Arkaitz Jauregi Araban eta Iñaki Azurmendi Gipuzkoan) lehian izan dira, baita Arantzako Donato Larretxea ere gonbidatu dute. Hauez gain, Sunbillako Felix Etxeberria, Leitzako Jon Rekondo eta Ruben Saralegi eta Joseba Otaegi, Eneko Otaño eta Luis Txapartegi gipuzkoarrak aritu dira lehian.

Kanporaketa bidez erabaki da lehia, kanporaketa bakoitzean 54 ontzako bina enbor moztuz. Final zortzirenetatik zortzi aizkolari pasatu dira final laurdenetara: Felix Etxeberria sunbildarrak aisa menperatu du Vicenzi italiarra; Atutxak 5 segundurengatik kanporatu du Eneko Otaño; Otaegik Donato Larretxea kanporatu du, 29 segundoko aldearekin; Jon Rodriguez espainiarrak Puybaret frantziarra utzi du kanpoan; O’Toole faboritoak Ruben Saralegi leitzarra menperatu du; Jauregik ezustea eman du Azurmendiri irabazita eta Iker Vicentek 14 segudo atera dizkio Txapartegiri. Final laurdenetan, Aitzol Atutxak Felix Etxeberriari irabazi dio, 16 segundorengatik; Jon Rekondok uste baino errazago kanporatu du Otaegi; O’Toolek Rodriguez utzi du kanpoan eta Iker Vicentek ere erraz menperatu du Jauregi.

Beraz, lau onenek jokatu dute finala: Lawrence O’Toole bera, Iker Vicente, Aitzol Atutxa II eta Jon Rekondo leitzarra.

Azkenean, Melbournekoak erraz irabazi du. 2 minutu eta 39 segundo behar izan ditu 45 ontzako azken bi enborrak mozteko. Iker Vicente Nafarroako txapelduna izan da bigarren, 3 minutu eta 19 segundoko denborarekin; Bizkaia eta Euskal Herriko txapeldun den Aitzol Atutxa hirugarren, 3 minutu eta 30 segunduko denborarekin eta Jon Rekondo laugarren, 3 minutu eta 40 segundoko denborarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun