Bioingeniaritza ikastaroa eginen dute Goizuetan otsailaren 22tik 26ra

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 19a, 07:09
Ibaitik badiara proiektuaren baitan eginen dira ikastaroa eta irteera.

Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzako proiektuaren barrenean hitzaldia eskainiko du asteazkenean Fredi Rey adituak 

Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzako proiektuaren barrenean Bioingeniaritzako ikastaroa eginen da Goizuetan. Tailer teoriko eta praktikoak eskainiko dituzte otsailaren 22tik 26ra eta 30 orduko iraupena izango dute.  

 

Tailer teoriko-praktiko hau, astelehenetik ostiralera burutuko da, goizeko 9:00etatik 14:00etara. 25 orduko formakuntza izango da eta izena ematen duenak ziurtagiria jasotzeko aukera izango du. Ikastaroak teknika jakin batzuen inguruko formazioa jasotzeko balio du. Gaur egun, Urumea ibaian egiten ari diren proiektuetarako erabili nahi diren teknikak dira eta gerora, mota hauetako obretan parte har dezaketen langileak prestatzeko ere baliagarria izan daiteke. Teknika hauek, biziak izateaz gain, autoestimuan eta giza baloreetan hobekuntza dakarte.

 

Solasaldia

Otsailaren 24an hitzaldia eskainiko du Fredi Rey europar adituak. Frantziarra baso ingenieritzan doktorea da. Mendia eta ibaia ardatz hartuta, mendiko eta ibaiko erlazioari eta gure lurraldeko berezitasunari buruz jardungo da. “Ibaia ez du bere ubideak soilik osatzen, bere arro hartzaile guztiak baizik. Sistema konplexua da, oreka delikatukoa eta elementu askorekin. Batzuetan elementu hauek gatazkan sartzen dira eta garrantzitsua da nola funtzionatzen duten ezagutzea” adierazi du. Hitzaldia, Udaletxeko ganbaran izanen da otsailaren 24an, asteazken arratsaldeko 7etan.

 

Irteera

Otsailaren 27an irteera eginen dute Urumea ibaian zehar: Donostia, Goizueta, Hernani, Astigarraga eta Donostira itzuli. Jarduera hau, aste osoan zeharreko ekintzei amaiera emateko izango da. Era ludikoan, herritarrei, ibaia eta honen jokaera eta garrantzia ulertzeko aukera eman nahi zaie. Irteera honetan ikuspegi hidraulikoa, geologikoa, historikoa, kulturala, arkitektonikoa eta ekologikoa landuko dira. Geldialdi desberdinak burutuko dira ibaia eta bere osagaiak hobeto ulertzeko.

Ibaitik badiara proiektua Paola Sangallirena da eta Urumea errekari lotua dago. Langabetuak, formakuntzan dauden gazteak edo interesa duen edonorentzat izango da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun