Beheko solairuetan etxebizitzak egiteko araudia onartu du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 17a, 15:19

Ahobatez onartu dute ordenantza berria zinegotzi guztiek

Beheko solairuetan etxebizitzak eta bizitegietarako erabilera ezartzeko ordenantzari behin betiko onespena eman dio Lesakako Udalak ahobatez. Ordenatzak dioenez, herriko zenbait eremutan eraikinen beheko solairuak komertzioak irekitzeko erabili dira, baina egungo joeren ondorioz jarduerarik gabe daude, aprobetxatu gabe. Hortaz, uste da zenbat lokalek, modu arautuan eta kontrolatuan, bere egoera aldatu eta etxebizitza moduan erabili daitezkeela. 

Azken aldian zenbait partikularrek kontsultak egin dituzte, gaiaren inguruko informazioa jasotzeko. Azken urteetan, Lesakako hirigintza eta eraikuntza garapena gehien baldintzatu duen aldagaietako bat izan da herria zeharkatzen duten erreken uholde arriskuaren afekzioa eta Kantauriko Ur Konfederazioak beheko solairuetako bizitegietarako erabilera modu orokorrean mugatu du, Onin errekatik 100 metroren barrenean. Hau eta bertze zenbait arau kontuan hartuz, ordenantza honek zehazten ditu beheko solairuetan bizitegietarako erabilerak izan ditzaketen eremuak, Oninen uholde arriskurik ez dutelako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun