Mundukora joan aitzinetik Euskadiko azken txapela eskuratzeko aukera dauka Beti Gazte sokatira taldeak

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 12a, 10:02
Beti Gazteko sokatira taldea lanean 600 kiiloko finalean lanean.

560 kiloko kategorian ariko dira larunbatean Erandion

Otsailaren 18tik 21era Holandako Volendam hirian jokatuko den Munduko txapelketara joan aitzinetik, Euskadiko txapelketan azken txapela jokoan izanen du Lesakako Beti Gazte taldeak otsailaren 13an, larunbat arratsaldeko 5etatik aitzinera Erandioko Altzaga kiroldegian.

 

Lesakako taldearekin batera, bertze bederatzi talde ariko dira lehian, bi multzotan banatuak. Joan den larunbatean 600 kilotan txapeldun izan zen Ezpeletako Ñapurrak izanen da A multzoko burua eta Ibarra B multzokoa. Bertze zortzi taldeak bi multzoetan banatuko dira, txapelketaren egun berean, zozketa bidez. Multzo bakoitzean denak denen kontra ariko dira eta multzo bakoitzeko bi lehenbizikoak sailkatuko dira finalerdietarako. Multzo bateko lehenbizikoa bertzearen bigarrenaren kontra ariko da eta irabazleek jokatuko dute finala.

Aipatzekoa da, orain artean, zilarrezko domina lortu duela Beti Gaztek 640 kiloko kategorian. Joan den larunbatean Idiazabalen bosgarren izan ziren lesakarrak 600 kiloko kategorian, Ñapurrak, Sokarri, Abadiño eta Muruetaren gibeletik eta Ibarraren aitzinetik.

Otsailaren 14an, igandean, 600 kiloko txapelketa mistoa ere jokatuko dute Laukizen, eskualdeko ordezkaririk gabe. Ibarra, Berriozar, Gaztedi A eta Gaztedi B lehiatuko dira, 4 emakumezko eta 4 gizonezkok osatutatko taldetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun