Profesional moduan azken partida jokatuko du Patxi Olazar erremontelari doneztebarrak

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 12a, 09:59
Patxi Olazar pilota astintzen, Uterga eta Urriza begira dituela.

Xanti Utergarekin bikote eginez, Koteto Ezkurra eta Joxe Etxeberriaren kontra ariko da larunbatean Galarretan 

Erremontelari profesional moduan bere azken partida jokatuko du Patxi Olazar doneztebarrak otsailaren 13an. Xanti Utergarekin bikote eginez, Koteto Ezkurra osabaren eta Joxe Etxeberria III.ren kontra ariko da. Beraz, herriko bertze hiru erremontelarirekin jokatuko duen partida nagusiarekin erranen du adio Olazarrek.

 

2003ko martxoaren 1ean egin zuen debuta Olazarrek Euskalen. Larrearekin batera 35-29 irabazi zien Uterga eta berekin batera debutatu zuen Migel Mari Urrutia saldiastarrari. Geroztik, binakako bi final jokatu ditu Koteto Ezkurra osabarekin batera, baina biak galdu egin ditu: «Lehenbizikoa Zeberio II eta Auzmendiren kontra galdu genuen eta bigarrena Urriza eta Barrenetxea IV.aren kontra. Bien artean urte batzuk pasatu ziren», aipatu du Olazarrek. Beharbada horiek dira bere oroitzapenik onenak, baina aldi berean, txapeletik hain hurbil egon eta ezin irabazi, hori da gelditu zaion arantzatxoa. «Bertze txapelketa ttikiago batzuk irabazi ditut, baina pena da ofiziala ez lortu izana», dio.

Doneztebeko lau erremontelarik jokatuko dute agurreko partidan, nahiz eta hasiera batean, afizionatutik hasita bere ibilbide beretsua egin duen Agirrezabalarekin aritzekoa zen. «Hori ezinezkoa izan da eta azkenean Doneztebeko lau erremontelari ariko gara eta hori ere aski berezia da. Larunbateko despedidan nere familia eta lagun guztiak izanen dira, momentu hunkigarria izanen da. Partidaren ondotik herrian afalduko dugu», onartu digu Olazarrek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun