Asteburu honetan berriz irekiko ditu ateak IrriSarri Landek

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 11a, 09:30
Irisarri Sendiaren Topaketa irailean eginen dute aurten jauregian.

Igantziko Parkeak nobedadeak ekarriko ditu jardueretan nahiz instalazioetan eta urtean zehar hainbat ekitaldi antolatu dituzte

IrriSarri Land Resort-Abentura Parkea berriz ere zabalik egonen da ortziral honetan, otsailaren 12an, nobedade interesgarriekin jardueretan nahiz instalazioetan.

 

Parkea asteburuetan egonen da berriro zabalik: ortziraletan, 14:00etatik 18:00etara, jarduerak, eta afariak bukatu arte, jolastokia, eta larunbat eta igandeetan, goizeko 10etatik aitzinera. Aste barrenean, parkea irekiko da gutxienez 15 laguneko talde bat osatzen bada. Gainera, ikastetxe eta eskola aunitz astelehenetik ostiralera etortzen dira, ateraldiak edo eskola-kanpaldiak egiten dituztenean.

2015ean, hainbat nobedade aurkeztu ziren, guztiak ere parkearen eskaintza ludikoaren osagarri. Haien artean Ikaztegia. Ikatzaren Museoa izenekoa da nabarmentzekoa, hau da, egur-ikatza egiteari eskaini zaion interpretazio zentroa, eta bisitariei, ikastetxeei nahiz taldeei hezkuntza-baliabidetako eskaintzen zaiena. Udaberriaz geroztik, IrriSarri Express trenak inguru osoa zeharkatzen du ordu jakin batzuetan; eta bi jarduera berri abiarazi ziren, hots, Disc Golf eta Baxiren Bila. Iaz, Zatoz IrriSarri Landera parkearen abesti ofiziala estreinatu zuten. Martxoan, gainera, han Gladiators Day ekitaldia egin zen, eta aurten berriz ere, Igantziko parkea aukeratu dute egoitza gisa. Eguna

Baina otsailaren 12an hasiko den denboraldi berriak bertzelako nobedadeak ere ekarriko ditu. Joan den urtarrilaren 21ean, FITUR azokan, Resorteko kudeatzaile Joxe Elgorriagak parkeari buruz grabatu den spota aurkeztu zuen, bai eta 2016an izanen ditugun mugarri batzuk ere, hala nola IrriSarri Land fashion week apirilean, Zaldi Azoka Handia eta ExpoDrones, maiatzean, Irrisarriko Festak ekainean, Irisarri Sendiaren topaketa irailean, eta udazkenean Ikaztegian eginen diren jarduerak. 

Azpiegituren atalean, gaur egun erabilera anitzeko eraikin bat eraikitzen ari da, YriSarriko Behatokia, 300 lagun baino gehiagorentzat oturuntza handiak eta enpresa bilerak egiteko, eta era berean, talde handiei ostatu emateko. Udarako, gainera, ur jolasen esparru berri eta handi bat moldatuko da adin guztietako jendearentzat. 

Hortaz gain, sukaldaritzan ere izanen da gauza berri aipagarririk eta hainbat gastronomia-ekitalditan parte hartuko du. 

Bertzalde, aipatu behar da parkeak akordioa egin duela, AEDONAko kluben erabiltzaileek deskontu bat izan dezaten parkeak saltzen dituen esperientzietan. Nafarroako Gazte Txartela dutenek ere deskontuak izanen dituzte.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun