Elizondoko karrika izenen plakak aldatzen hasi da Baztango Udala

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 8a, 09:20
Euskara ordenantza betez ari dira karrika izenen plakak aldatzen.

Azken urteetan karrikak izendatzerakoan eta etxeei zenbakia paratzerakoan egoera nahasgarriak gertatu izan direlako erabaki du Udalak aldatzea, bertzeak bertze, postaren banaketan arazoak sortu izan direlako. Lan honek 2.196 euroko aurrekontua du eta Rotugrafik enpresa ari da horretan.

«Elizondok izan duen hiri-garapena eta karriken antolaketak hainbat disfuntzio sortu dituela» adierazi du Udalak, eta hala karrika izenen plakak aldatzen hasi da. Ohar bidez jakinarazi duenez, «karrikak izendatzerakoan eta etxeei zenbakia paratzerakoan egoera nahasgarriak gertatu izan dira». Eguneroko postaren banaketan ez ezik, notifikazioetan ere arazoak izan direla adierazi du Udalak eta larrialdi zerbitzuek ere gorabeherak izan dituztela. Hala, «hori guztia kontuan harturik, Udalak azkeneko hilabeteetan karriken antolaketa hobetzeko lana egin du».

Karrika izenen plaken aldaketa Udaleko euskara ordenantza betez egiten ari dira. Aitzineko agintaldian osoko bilkuran onartu zuten eta Elizondoko herriko batzarrak ere ontzat eman zuen.

Karrika izenen plakak aldatu ondotik, herritarrei etxeetako zenbaki berrien itsasgarriak igorriko zaizkie. Eta segidan, Correosen laguntzarekin herritarrei helbideak aldatu behar dituztela oroitarazteko kanpaina abiatuko da.

Lan honek 2.196 euroko aurrekontua du eta Rotugrafik enpresa egiten ari da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun