Ehun urte bete ditu Igantziko Inaxi Etxeberriak

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 4a, 07:27
Inaxi Etxeberria, familiarekin eta udal ordezkariekin Berrizaungo bere etxean.

Urtebetetze egunean udalaren bisita ez ezik, inauteriak ospatzen zituzten gazteena eta bertze hainbat herritarrena ere izan zuen

Ilbeltzaren 29an Igantziko Inaxi Etxeberriak 100 urte bete zituen. Udaletik zorionik beroena eskaini nahi izan diote mende oso bat begien aitzinean pasatzen ikusi duen emakume alai eta sasoitsuari. Bere urtebetetze egunean Berrizaungo etxera joateko eta harekin tarte bat pasatzeko aukera izan zuten udal ordezkariek, eta adin haundia izanik ere, gonbesioan aritzeko umore paregabea erakutsi zuen. Etxeko ateak egun guzian denontzat irekiak egon ziren, eta udalaz gainera auzotarrak, hainbat herritar eta lagun, baita inauterietako mozorroak ere izan zituen bisitan Inaxik, eta guztiak kontent eta esker onez hartu zituen.

 

Zer ez ote du bizitu eta ikusi Inaxik 1916az geroztik? Pentsa zenbat aldatu den herria, bizimodua, tartean gerrak eta garai latzak… Zenbat aldaketa, eta zenbat lan. Inaxik berak, etxeko lanez aparte, serora lanak egin ditu (etxeko ganbaran izan dute auzoko kapilla hainbat urtez), beheko solairuan auzoko eskola ere izan zuten, jostun trebea ere izan da…

Ez ditu edozeinek betetzen ehun urte, baina kasu honetan Inaxiren senarrak ere, Angel Manterolak, ia 103 urte bete zituen, eta sasoi ederrean harek ere! Ez du edozein bikotek elkarrekin hainbertze denbora bizitzeko aukerarik! 

Udalaren izenean Inaxi eta bere familia eskertu nahi dute, egindako harreragatik. “Zinez pozten gara herritar bat adin horretara, horrelako sasoian eta hain ongi zaindua ikusita. Aunitz urtez!!” dio Udalaren oharrak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun