Elizondoko Baztan berriko itzalaldia konpontzeko eginahalean ari da Baztango Udala

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 1a, 10:15

Behin betiko konponbidea azpiegitura guztia berritzea litzateke, baina hori udalaren ahalmenetik kanpo dago

Elizondoko Baztan Berri auzoan azkeneko egunetan argi itzalaldiak izaten ari dira. Baztango Udaleko teknikariek harat hurbildurik, arazoa fase baten matxuran dagoela ondorioztatu dute, haatik, oraino ez dute matxura non den aurkitu ahal izan. Momentuan itzalaldiak jasaten dituen eremua mugatzen ari dira, poliki-poliki matxura harpatu artio.

 

Elizondoko Baztan Berriko arazo hau Baztango bertze tokietan ere ematen da argiteri publiko azpiegiturak zaharturik daudelako eta enpalmeak lurrazpian, maiz putzutako arketetan daudelako. Baztan Berriko kasuan azpiegitura zaharra ez izanagatik egiturazko arazo batzuk ditu.

Udala bere ahalbidearen arabera matxura hauek konpontzen dabil. Behin betiko konponbidea azpiegitura guztia berritzea litzateke baina hori udalaren ahalmen errealetik kanpo dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun