Kaldereroen kalejirarekin abiatu dira Berako Inauteriak

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 1a, 08:39
Jende aunitzek parte hartu zuen Berako kaldereroen konpartsan, larunbat arratsean.

Asteazken arratsaldean Musika Eskolak kontzertua eskainiko du

Inauteri data ofizialak Ortzegun Gizenarekin abiatuko badira ere, Beran asteburu honetatik hasia da  inauteri giroa sumatzen. Kaldereroen musika eta arrabotsekin hasi ziren inauteriak Beran urtarrilaren 30ean, larunbat arratsean. Ikusi argazkiak

 

Eguraldiak lagundu zuen aurtengoan eta kalejira egin zuten hainbat lagunek musika bandaren laguntzaz, gehienak haurrak eta gurasoak, tartean San Jose Zahar Etxea ere bisitatuz. Azkenean, Herriko Etxeko plazan, ohiko ijitoen ezkontza egin zen. Olatz Etxepare eta Ibai Ros ezkongaiak ezkondu zituen Inma Urangak. Buztinezko kaxula hausterakoan, etorkizunean urte aunitzerako zoriontasuna eta seme-alaba aunitz iragarri zien.

 

Inude eta Artzaien entsaioak

Bertze aldetik, inude eta Artzaien egunerako Eztegara pilotalekuan eginen diren entsaioak ere iragarri ditu Gure Txokoa dantza taldeak. Lehenbizikoa otsailaren 3an eginen da, asteazkenarekin, arratseko 8etan. Eta bigarrena otsailaren 6an, larunbatarekin, 12:00etan. Biak Eztegara pilotalekuan. Bertan, bazkarirako txartelak ere salgai izanen dira.

 

Inauteriak aste honetan

Inauterietako egitaraua otsailaren 3an, asteazken arratsaldeko 6etan hasiko da, Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek Kultur Etxean eskainiko duten Inauterietako kontzertuarekin.

Biharamunean, Ortzegun Gizen eguna izanen da. 15:45ean abiatuko da kalejira suhiltzaileen parketik Eztegara pilotalekura. Eguraldi txarra eginen balu, zuzenean Eztegara pilotalekuan geldituko lirateke 16:00etan. Ondotik, 16:30ean, Big Band Bum Dantza Dezagun emanaldia eskainiko dute Eztegara pilotalekuan.

Otsailaren 7an, igandearekin, inude eta artzaiak ibiliko dira karrikaz karrika. Goizeko 10etan abiatuko dira Eztegara pilotalekutik. Goizeko ibilaldiaren ondotik, bazkaria eta arratsaldeko 6etan berriz ere abiatuko dira Eztegara pilotalekutik Altzateko karrikara.

Otsailaren 8an, Inauterietako Astelehenean, goizean zingar-arraultzea eginen dute koadrilek auzoz auzo eta karrikaz karrika eta eguerdi aldera karrozak eta mozorroak ikusiko dira karriketan. 19:00etatik 20:00etara batukada izanen da Batuklang taldearekin Altzateko karrikan.

Berako Udalak, Berako Kultur Batzordeak eta Gure Txokoa elkarteak antolatu dituzte inauteriak, Berako Musika Bandaren, Labiaga Ikastolaren, Jesusen Bihotza Ikastetxearen, Ricardo Baroja Eskola Publikoaren, Toki Ona Institutuaren eta Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolaren laguntzarekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun