Bidasoko Trena abiatu zela mende bat bete da

Ttipi-Ttapa 2016ko ots. 1a, 07:19
Bidasoko Trena Elizondoko estazioan, 1916ko maiatzean lehen aldiz ailegatu zenean.

Irun eta Doneztebe arteko bidea egin zuen 1916ko otsailaren 1eko bidai hartan eta zenbait hilabete beranduago Elizondoraino ailegatu zen 

1916ko otsailaren 1ean abiatu zen lehen aldiz Bidasoko Trena, Tren Txikito moduan ezagutu zena. Lehen ibilbide hartan, Irungo Kostorbe geltokitik abiatu zen goizeko 8:18ean eta Donezteberaino heldu zen. Zenbait hilabete geroago, maiatzaren 28an, Elizondoraino zeraman 51,5 kilometroko linea osoa zabaldu zuten.

Aitzinetik, Irun eta Endarlatsa lotzen zituen meatzal trena ibiltzen zen eta XIX. mende bukaera aldera, Ramon Aginaga ingeniariak idatzitako egitasmoa gauzatu ondoren, Baztan-Bidasoko herriak zeharkatuz, giza eta ekonomia alorretan eragin garrantzitsua izan zuen, 1916an bide meharreko bidaiari-trenean bihurtu zenak. Berrogei urtez ibili zen Bidasoa ibai bazterrean beheiti eta goiti, 1956ko abenduaren 31n betirako gelditu zen arte.

Izan ere, denbora horretan jendearen garraioa lineako autobusek eta merkantzia garraioa kamioi handiek beraganatu zuten eta horiek izan ziren Bidasoko Trenaren erabateko desagerpenaren arrazoi nagusiak.

Irun eta Endarlatsa lotzen zituen meatzal trena herri zerbitzura ireki eta Elizondoraino luzatzeko lizentzia 1911ko irailaren 11n lortu zen. Hurrengo urteko urrian argitaratuko zen Nafarroako Boletin Ofizialean, Leon Mourguesek eskatutako Irun eta Elizondo arteko trenbidearen eraiketa eta ustiapenerako eskariaren baimena. Hau, bidaiari eta merkantzia garraiorako baliagarri zen eta ez zeukan Estatuaren dirulaguntzarik.

Ramon Aginagak idatzi eta Brandy ingeniari frantziarrak moldatutako hasierako egitasmo landu asmoz, Donezteben bilera egin ondoren, Frantziako finantza-gizon talde bat ordezkatzen zuen Leon Mourguesek ekin zien trenbidea gauzatzeko lanei otsailaren 1913an, oztopo aunitz gainditu eta gero, hori bai. Baina 1914ko Europako Gerrak gibeleratu egin zuen lana, 1916ko otsailaren 1ean Irun eta Doneztebe lotzen zituen lehen tartea ofizialki zabaldu arte.

 

Lehen bidaia

Duela mende bateko otsaileko lehen egun hartan, agintariekin batera, jende aunitz zegoen trena Doneztebeko geltokira noiz ailegatu zain. Konboia musika bandaren doinuekin eta suziriekin hartu zuten, txaloka eta bibaka. Miguel Jauntsaras herriko erretoreak bedeinkatu zituen lokomotora eta bagoiak. Ekitaldia akituta, Leon Mourgues Elkargoko Zuzendariari eta bertze 60 bat gonbidaturi bazkari eder bat eskaini zitzaien Herriko Etxean. Aldi berean, herritarren artean ogia eta ardoa banatu zen doan. 1916ko maiatzaren 28an ireki zen Elizondorainoko linea osoa, 51 kilometro eta erdikoa.

Hasieran, lurrunaren bidez mugitzen zen trena eta 3 ordu inguru behar zituen Irunetik Elizondorako bidea egiteko. Automotrizak jarri zituztenean bi ordu eta 10 minutura jautsi zen denbora. Lau bidaia egiten zituen Bidasoko trenak egunero eta bitxikeri moduan, Irunetik Elizondora joatea alderantzizko bidea baino garestiagoa zen, maldan goiti gasolina gehiago erretzen baitzen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun