Elizondoko Lanbide Eskola Ikastetxe Integratu izendatu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 29a, 09:27
Joan den urte hasieran Elizondoko Lanbide Eskola bisitatu zuten parlamentari nafarrek.

Goizetan eskainiko duen Hezkuntza formalaz gain, langabetuendako eta langileendako formakuntza ere eskainiko du arratsaldez

Elizondoko Lanbide Eskolak 50 urte beteko dituenean, Nafarroako Gobernuak abenduaren 18ko 167/2015 Foru Aginduaren bidez, ikastetxea CIP Elizondo Lanbide Eskola IIP izendatu du eta honekin batera Nafarroako Zentro Integratuen Sare Publikoan sartu du.

 

Zentro integratu izendapen honekin ikastetxea zonaldeko Lanbide Heziketako lehen Ikastetxe Integratua izanen da, baita  Nafarroako Hezkuntza Departamentuarentzat erreferentziazko Lanbide Heziketa ikastetxea ere.

 

Zer da Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratu bat?

Ikastetxe integratu baten jarduera hiru oinetan eraikitzen da: 1.-Hezkuntza formala: ikasketa erregulatuak goizetan, 2.-Langabetuendako formakunta eta 3.- Langileendako formakuntza, (azken bi hauek prestakuntza ez formalean eta arratsaldez).

Gainera Ikastetxe integratu batek bere estrategiaren barne honako jarduerak gauzatzeko lan eginen du: urteetan lan esperientzi duten langileak nolabait titulatu edo  gaitu (esperientziaren akreditazioa) , internazionalizazioan parte hartzeko konpromisoa izan (Europan Ersamus+, Akitania akordioak….), Hezkuntzako Lanbide Heziketa sailak egiten dituen esperientzi pilotuetan zentro kolaboratzailea izatea, Irakaskuntza Duala  lantzeko konpromiso eta guzti honekin, kokatua dagoen eskualdeko lanbide-formakuntzako ikastetxe dinamizatzaile izatea.

Izendapen hau aurrerapausotzat hartu du Elizondoko Lanbide eskolak, eskualderako bultzatu nahi duen Lanbide Heziketako Zentro Integratu Euskalduna eraikitzeko ahaleginean.

«Nafarroako Gobernuak ere izendapen honekin proiektu honen aldeko urratsa ematen duela ulertzen dugu  eta gure eskualdean Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratu ofizialki sortu du», dio Maite Ariztegi zuzendariak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun