Leitzako kaleetan umore, kolore eta irudimen eztanda izan zen ilbeltzaren 24an

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 25a, 14:40
Piraguistek, gurdien artean, beraien trebezia erakutsi beharra izan zuten.

Eguerdiko 12etatik aurrera, inauteri giroa lehertu eta kolore biziak, dantzak eta barre algarak izan ziren nagusi Leitzan. Irudimena dantzan jarri eta mota guztietako gurdi eta mozorroak plazaratu zituzten beste behin ere. Hegazkinetik jauzi egiteko prest zeuden paraxutistak, oztoporik handienei aurre egin behar zieten piraguistak, globo aerostatikoak, hawaiarrak, bikingo beldurgarriak, printze eta printzesak, nekazari koloretsuak... guztiek zuten osagai nagusi berdina umorea. Ikusi argazkiak

Astelehenean eskea eta asteartean atsaureen kalejira

Goizean goiz elkartu eta Gorriztaran, Arkixkil, Sakulu eta Erreka auzoetan barna dabiltza gaur gazteak. Arratsaldeko 17:00etan umeen kalejira izango da eta ondoren txokolatada eta goxokiak banatuko zaizkie. Iluntzean eta gauean Joxe Mendizabalen musika emanaldia izanen da plazan. Ilbeltzaren 26an, asteartean, Erasote auzora eginen dute eskea mozorroek. Goizean eta arratsaldean puzgarri eta jokoak izanen dira haurrentzat frontoian. 14:00etan Aurrerako bazkideen bazkaria izanen da eta atsaureek Atekabeltzen bazkalduko dute. Iluntzean atsaureen kalejira izanen da hitzordu nagusia. Musikaz lagunduta, ttutturro, ardi larru, jantzi koloretsuak... soinean dituztela, aurpegia estalita ibiliko dira atsaureak. Ondoren, musika emanaldia izanen da. Bukatzeko, ilbeltzaren 27an, asteazkena, 16:00etan umeentzako ikuskizuna antolatu dute.

Erlazionatuak

Leitzako inauteriak 2016

Ttipi-Ttapa 2016 urt 26 Leitzaldea   Leitza

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun