Hondakinen inguruko informazioarekin egutegia banatu dute etxez etxe

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 21a, 08:00
Hondakin berezien bilketa zerbitzua hobetzeko hiru etxola jarri dituzte Elizondon, Donezteben eta Etxalarren (argazkian)

Hiru hilean behin egiten den zozketako lehen zenbaki sariduna ere atera dute: 4780a

Urtero bezala, Baztango Udalak eta Bortziriak eta Malerrekako Mankomunitateek zonaldeko etxe guztietara bidaltzen den egutegia prestatu dute. Bertan Hondakin bereziak biltzeko arbigune mugikorraren ibilaldiak eta ordutegiak jakitera ematen ditugu eta baita Hondakinen inguruko bertzelako informazioa ere. 

 

Azken hilabeteetan, hondakin berezien bilketa zerbitzua indartu eta erraztu nahian, herriz herri mugitzen den furgonetarekin segitzeaz aparte hiru etxola jarri dituzte Elizondon (Merkatuko Plazan, esnemakinaren ondoan), Etxalarren (herri sarrerako aparkalekuan) eta Donezteben (Elizagibela auzoaren sarreran).

Etxola hauek hainbat lehiatila dituzte bakoitzean hondakin mota desberdin bat sartzeko, hala nola, bateriak, motor eta landare-olioa, CDak, DVDak, tonerra eta inpresorako tintak, gailu elektriko eta elektroniko txikiak, aerosolak, pinturak, kolak, silikonak, mugikorrak, pilak, bonbilak eta fluoreszenteak, fitosanitarioak, radiografiak, garbiketa produktuak, kutsatutako ontziak eta gasolio eta olio filtroak.

Hiru herri hauetan etxolak  garbigune mugikorra ordezkatzen du, beraz, hori jada ez da pasatuko eta horregatik ibilbideak aldatu egin dituzte. «Horren ondorio garrantzitsuena izan da Baztan eta Malerrekako hainbat herritatik hiru hilabetetik  pasatu beharrean, bi hilabetetik pasatuko garela. Horrela herri horietako biztanleentzat ere zerbitzua hobetu dugu» diote Mankomunitateetatik.

Momentuz hiru etxola jarri dituzte, proba pilotu gisa, baina harrera ona baldin badute eta sistema egokia dela ikusten badute, pixkanaka-pixkanaka bertze herrietan paratzen joanen dira.

Bertze aldetik, aipatu den bezala, bertzelako informazioa emateko ere aprobetxatzen dute egutegia. Aurten, bertzeak bertze, ondoko gai hauen inguruko informazioa topa daiteke:  

- Traste haundien bilketa zerbitzuko telefonoa. Hilabete guztietan sartu dute, beheitiko partean, eskuinaldean

- Mugikorrerako prestatu dituzten aplikazioak. Hauekin zalantza guztiak argituko dituzte eta hondakin bakoitza non bota edo nora eramaten ahal den jakinen dugu!

- Konpost kanpainetako datuak.

- Bilketa datuak.

- Sortzaile haundiendako martxan jarri den materia organikoaren atez ateko bilketaren inguruko informazioa

- Baztanen, Malerrekan eta Bortzirietan egin diren edo egiten ari diren kanpaina eta ekintza bereziak

- Bertze sentsibilizazio kanpainen inguruko informazioa

- Telefonoak, etab.

 

Lehen hiruhileko zozketa

Gainera, ale bakoitzak zenbaki bat du urtean zehar egiten diren zozketetan parte hartu ahal izateko. Aurten, joan den urtean bezala, hiru hilabetero eginen dute zozketa eta guztira eskualdeko dendetan gastatzeko 300 euroko lau erosketa txartela banatuko dituzte.

Hau da lehenbiziko hiru hilabeteko zenbaki sariduna: 4780. Saridunak Bortzirietako Mankomunitatera deitu beharko du martxoaren 31 baino lehen (948 63 52 54).

Aurtengo argazkiak ERRAN.EUS plataformak antolatu zuen udako argazki leihaketatik hartu dituzte. Denak zonaldeko bizilagunek ateratako argazkiak dira eta azalean sari nagusia eraman zuen argazkia ikus daiteke, Pello San Millanena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun