Baztan Bidasoa Turismo Elkargoak 18 proiektu gauzatu nahi ditu aurten

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urt. 20a, 14:56
Belen Urrutia, Mikel Albisu eta Mari Jose Iparragirre, Baztan Bidasoa Turismoa elkargoaren agerraldian.

Ehun bazkidera ailegatu nahi dute eta eskualdeko baliabiden gida eta mapa birrargitaratuko dituzte, bertze zenbait egitasmoren artean

Baztan Bidasoa Turismoa elkargoak prentsa agerraldia egin zuen ilbeltzaren 19an Oieregin, Bertizko landa turismo zentroan. Mikel Albisu, Baztan Bidasoa Turismoa elkargoko lehendakariak, Mari Jose Iparragirre lehendakari ordeak eta Belen Urrutia Elbeteko posadako kideak parte hartu zuten. 2015eko balantzea egin eta 2016ko dituzten egitasmoen berri eman zuten.

 

2015. urtea Baztan Bidasoa turismoa elkargoarentzat urte berezia izan da, «zeren Bertiz partzuergoaren desagerpenarekin, erronka handi bat zen berriz proiektuak martxan paratzea eta segida bat ematea», aipatu du Albisuk. Alde horretatik pozik daude proposamen edo proiektu gehienak garatu direlako. Alde batetik, turismo ferietan presentzia: «aurten Madrilen, Donostian eta Bilbon izan gara eta baita ere zeharkako presentzia Bartzelonan eta Iruñeko ferietan. Web gunea berritu dugu eta baita ere webgunearekin batera erreserbatarako zerbitzua ere eguneratu dugu». Horrekin batera, bezeroek eta bisitariek ere aunitz eskertzen duten agenda ere martxan paratu dute. Bidasoko bide berdeari buruzko informazioa emateko foiletoa ere prestatu dute, 2016ko ferietan banatuko dutena. «Proiektua arras konpletoa da eta gainera gure filosofia da, bide berdea Behobian hasten dela eta hain zuzen gaur egun Bertizeraino iristen dela, baina denborarekin Baztan aldera segida izanen duela edo baita ere denborarekin Eurobeloaren bidez Plazaola aldera eta kostaldera».

Ehizari buruzko jardunaldi gastronomikoak ere aski erroturikoak dira eta hain justu, Belen Urrutia Elbeteko posadako kideak nabarmendu zuen arras arrastatsuak suertatu direla aurten ere. Azaroa akabailan akitzen baldin baziren ere, eskari handiarengatik kasik eguberriak arte eman dute.

Asmoren bat gauzatu gabe gelditu bada ere, 2015eko balorazio positiboa egin dute, «65 kide gara, lokala egonkortu dugu azkenean Nafarroako Gobernuak lokalaren zesioa egin digu eta poliki poliki elkargoa izena hartzen ari da». Egunotan Fitur ferian ere parte hartzen ari dira.

 

2016rako asmoak

Urte berriari begira, lehenbiziko helburua bazkide kopurua handitzea da, «ea lortzen dugun 100 bazkide izatera iristea». Horretaz gain, hainbat egitasmo konkretu dituzte.

- Eskualdeko baliabideen gida. Agortua dago. Arras arrakastatsua suertatu da eta aurten ferietan eta baita ere gure bazkideen artean eta turismo bulegoetan banatu da eta agortua dago. Orduan dagoeneko honetan lanean ari gara hurrengo ferietan banatu ahal izateko eta iada udaberri sasoian martxan egoteko. Jendeak aunitz eskertzen du, zeren ez da bakarrik establezimenduen informazioa, baizik eta baliabideen informazioa dago eta orduan, oso produktu osatua da. Aurten 10.000 ale argitaratuko dituzte euskaraz eta erdaraz eta beste alde batetik frantsesez eta ingelesez.

- Eskualdeko mapa eguneratzea, bide ziklo-turistak sartuz. Proiektu hau Europa mailan aurkeztu dugu Eder-Bidearen barruan. Hauetan ere 10.000 ale argitaratuko dira eta banaketa dohainik izanen da. Proiektu hau 2016aren urte bukaeran, 2017 urtean zehar garatuko da.

- Webgunea mantentzea, eguneratzea eta hobetzea.

- Erreserba zentrala aktualizatzea eta gainera aukera eman aktibitateen erreserbak egiteko.

- Ekitaldien agenda mantentzea

- Bazkideei bidaltzeko informazioa prestatzen ari dira, elkargoaren berri maizago izateko

- Formazio ikastaroak.

- Mapa zikloturista. Bide berdea eta bide zikloturista aipatuz, baina horrekin batera berriz ere antolatu nahi dute martxa ziklo turista.

- Bide berdeari buruzko jardunaldi tekniko bat.

- Feria turistikoetara joatea.

- Hegaztien jardunaldietan parte hartu

- Jardunaldi gastronomikoen proiektua berritu.

- Euskal Herriko Ikastetxeetara “mailing”-a edo informazio berezia bidaliko da.

- Bisita gidatuak, bisitak antolatzen dituzten enpresekin elkatu eta eskaintza amankomun bat eginez.

- Itxia egon den artisau denda aurten berriz zabalduko da.

- Nafarroako landa turismo federazioan sartu.

 

Horrekin batera, Baztan Bidasoa Turismo Elkargoaren atea zabalik dago beste proiektuak garatzeko. «Gure bazkideek, gure elkarteek beharrezkoak ikusten dituzten proiektu horiek... Horretarako lokal bat dugu, teknikari bat badugu eta non eta proiektu horietarako finantzazioa lortzen dugun... azkenean gure elkargoa proiektuak garatzeko tresna bat ere badelako», aipatu zuen Mikel Albisuk.

 

 

Erlazionatuak

Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoa

Xorroxin irratia 2016 urt 20 Mendialdea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun