2.584.740 euroko aurrekontua onartu du Lesakako Udalak

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 20a, 08:09
Andra Mari Zahar Etxeak 707.000 euroko aurrekontua izanen du. Murrizketa salatu du EHBilduk eta alkateak dio aurrekontua errealitatera egokitu dela.

Iazkoaren berdintsua, Geroa Bairen aldeko botuekin eta EHBilduren kontrakoekin onartu zen

Lesakako Udalak 2.584.740 euroko diru sarrera eta irteerak izanen ditu aurten, abenduaren 30eko batzarrean Geroa Bairen aldeko botuekin eta EHBilduren kontrakoekin onartutako udal aurrekontuaren arabera. Kopuru hori joan den urtekoaren berdintsua da (280 euro gehiago). Horretaz gain, Andra Mari Zahar Etxeak 707.000 euroko aurrekontua izanen du. Orain udal idazkaritzan eta Herriko Etxeko iragarki-taulan ikusgai dago aurrekontua, herritarrek aztertu eta egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak egin ditzaten.

 

Inbertsioen atala 300.100 eurokoa izanen da, gehiena lan ttikiak egiteko. Honela zuhaitz landetze eta baso-lanetarako 64.000 euro erabiliko dira, Lesaka-Bera ur hornidura lanetarako 50.000 euro, Irain eskolako galdara bat aldatzeko 44.000 euro, bide publikoetako azpiegituretarako 40.000 euro eta baserri bideetako egokitzapenerako 28.000 euro.

 

EHBilduk kontra bozkatu zuen

Aipatu bezala, EHBilduk kontrako boza eman zuen. Oposizioa ez dator bat Geroa Baik egindako aldaketa batzurekin. Honela, liberatutako bi zinegotzien soldatetan %20ko igoera eta zinegotzien dietetan %33koa izanen direla aipatu du eta bidaia gastuetan %200koa. Aldi berean, biomasa labeab 25.000 euro gastatuko direla azpimarratu du (%70eko igoera), herriko egurra erabili ordez enpresa bati erosiko zaiolako. Aldiz, Andra Mari Zahar Etxeari udalak egiten dion ekarpena 10.000 eurotan murriztuko da; tasak ordaintzen laguntzeko dirulaguntzetan eta egoera larrian egon daitezkeenei dirulaguntzetan 6.000na euro guttiago erabiliko dira eta 2-3 urteko umeen gelarako dirulaguntza ere 7.000 eurotan murriztuko da. Nahiz eta urteko inbertsiorik handiena hor egin, zuhaitz landaketa eta basoko lanetarako ere iaz baino 67.189 euro guttiago (%51,22) inbertituko direla dio EHBilduk.

 

Alkatearen erantzuna

Jose Luis Etxegarai alkateak zifra hauei erantzun die. 2011n Bilduk udal hauteskundeak irabazi eta lehenenego plenoan alkatearen soldata 19.000 eurotik 30.500 eurora igo zutela aipatu du eta 2016rako 30.800 euroko aurrekontua dagoela: «Ez da hainbertzeko igoera», dio. Zuhaitz landaketan eta basoko lanetan, azken lau urteetan diru-kopuru berdina inbertitzen dela eta Zahar Etxeari dagokionez, errealitatearekin lotuagoa dagoen aurrekontu aurkeztu dutela ere aipatu du. Beharrean dauden familiei laguntzeko diru-atalari dagokionez, aitzineko legealdian ez dela euro bakar bat ere erabili jakinarazi du alkateak, «eta guk ez dugu fikziozko kopuruak jartzen aurrekontuetan, polit egiteko eta herritarrak engainatzeko».

Biomasari dagokionez, diru-kopuruaren igoera «2015ean Bilduk gaizki kalkulatutakoaren egokitzapena» dela dio alkateak eta enpresa berari erosten zaiola. «Lesakako egurra erabiltzea ezinezko ametsa da, hezetasun handia duelako. Horretaz gain, zuhaitzak moztu, xehatzeko eta almazenatzeko langileak, tresneria eta biltegi egokia beharko lirateke eta ekonomikoagoa da Bildu alkatetzan zegoenean ere lan egiten zuen enpresari erostea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun