Oinatz Bengoetxea pilotariak ireki du Nafarroako txotxeko sagardotegi denboraldia

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 18a, 15:29
Oinatz Bengoetxeak dastatu zuen Nafarroako kupeletako lehen sagardoa. Argazkia: Javier Bergasa (Diario Noticias)

Urtarrilaren 15ean egin zen irekiera ekitaldia Lekunberriko Toki Alai sagardotegian

Lekunberriko Toki Alai sagardotegian ireki zen joan den ortziralean, urtarrilaren 15ean, 2016ko txotxeko sagardotegi denboraldia eta joan den urtean Untoria errioxarrarekin batera eskuz binakako pilota txapelketa irabazi zuen Oinatz Bengoetxea pilotari leitzarra izan zen sagardo berria dastatzen lehena. «Gozatzeko modukoa. Ona zegok» adierazi zuen, lehen tragoxka edan eta gero. 

 

Lekunberrikoarekin batera, Lekarozko Larraldea, Lesakako Linddurrenborda, Berueteko Behetxoneaeta Aldazko Martitxonea sagardotegiek osatzen dute Dolarea, Nafarroako Sagardotegien Elkartea eta aurten 200.000 bat litro sagardo kupeleratu dituzte.

Oinatz Bengoetxeaz gain, kultura, kirol eta politika munduko jende ezaguna bildu zen Lekunberrin. Errate baterako, kirol arlotik, Abel Barriola, Arturo Arbizu eta Iñaki Otxandorena pilotariak edo herri kirol munduko Inaxio Perurena harrijasotzailea eta Donato eta Patxi Larretxea anaiak bertan izan ziren; kultur arlotik, Manolo Arozena, Etxabe eta Juan Mari Lopez bertsolariak bertan ziren, azken hau sagardogilea ere bada. Eta politika mundutik, Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen Departamentuko kontseilaria, Joseba Otondo Baztango alkatea edo Jose Mari Aierdi Lekunberriko alkatea izan ziren. Denera, 80 bat lagun bildu ziren.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun