1.010 langabeturekin bukatu da 2015. urtea eskualdean

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 7a, 06:58

Azaroan baino 28 gehiago dira, baina 2014ko abenduan baino 174 guttiago

2015. urte bukaeran 1.010 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak, azaroan baino baino 28 gehiago. Mila langabetuko langa berriz gainditu bada ere, azkeneko urte bukaerei erreparatuta daturik baikorrena da, iazko abenduan baino 174 langabetu guttiago baitira edo 2013koan baino 387 guttiago, erraterako.

2015eko abenduko gorabeherak kontuan hartuz, 527 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, horietatik 37 bakarrik mugagabeak.

Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 454 lagun daude langabezian, azaroan baino 28 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean ere azaroan baino 4 gehiago daude langabezian, 476. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean azaroan 2 lagun gehiago daude langabezian, 48 lagun. Aldiz, adin tarte horretako emakume gazteen artean azaroan baino 6 langabetu guttiago dago, 32 denera.

Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, eta abenduan, gainera, hogei gehiago pilatu ditu, 685etik 705era pasatuz. Industria arloan ere 9 langabetu gehiago daude, 132 denera. Eraikuntzan, aldiz, 5 langabetu guttiago daude, 86. Nekazaritzan 4 lagun gehiago daude lanik gabe, 33 denera, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 54 lagun daude langabezian, azaroan bezalaxe.

 

2015ean zerbait hobetu da egoera beltza

2014. urtea 1.184 langabeturekin bukatu ondotik, 2015eko urtarrila berriz ere ilbeltza izan zen eta 74 lagun gehiago izan ziren langabezian, 1.258. Otsailean 1.221era jautsi zen (-37); martxoan 1.212ra jautsi zen (-9); apirilean 1.168 (-44); maiatzean 1.078 (-90); ekainean ere jautsiera nabarmena izan zen eta 2009ko azaroaz geroztik lehen aldiz mila langabetu baino guttiago zituen eskualdeak, 983 (-95); uztailean 981 (-2); abuztuan 994 (+13); irailean eman zen urte osko daturik onena, 962 langabeturekin (-32); urrian 965 (+3); azaroan 982 (+17) eta abenduan 28 gehiago (1.010 denera). 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun