Txondorra Saria jaso du Lesakako herriak Iruñean

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 29a, 09:38
Olentzeroren ohitura mantentzeagatik Txondorra saria jaso du Lesakako herriak. Argazkian, ortzeguneko lehiaketan parte hartu zuten neska-mutikoetako batzuk.

Olentzeroren ohitura bizirik mantentzeagatik 

Olentzero eta jaiotza lehiaketa egin zen egunean, Lesakako herriak sari berezia jaso zuen Iruñeko Udaletxean: hiriburuko udalak eta Olentzeroren Lagunak elkarteak emandako Txondorra saria jaso zuen Jose Luis Etxegarai alkateak herriaren izenean, olentzeroren ohitura bizi mantentzeagatik.

Hain zuzen, 1959an Lesakatik jasotako ohituraren lekukoa eraman zuten Iruñera eta hori eskertu nahi izan zuen Iruñeko Udalak, «Frankismoaren garaian ere, ohiturari eutsi ziotelako», Joseba Asiron alkateak azpimarratu zuenez. Lesakako herriari ez ezik, Andoni Santamaria zenari, San Antonioko Gaztediaren sortzaileari eman zioten Txondorra Saria.

Sari banaketaren ondotik, Lau Urrats taldeak Olentzeroren dantza estreinatu zuen.

 

Olentzero eta jaiotza lehiaketa Lesakan

Ortzegun eguerdiko olentzero eta jaiotza lehiaketan 24 taldek hartu zuten parte: 3 jaiotza lehiaketan eta 21 olentzero lehiaketan. Ikusi argazkiak Lehiaketa nagusian, azken lau urteetan bezala Añarrak taldeak eraman zituen sari nagusiak. Horretaz aparte, Olentzero batek su hartu eta ke handia sortu zen, baina ez bertzelako kalterik. Olentzero biziduna ere ibili zen lehiaketatik kanpo. Lehiaz kanpo, modu berean, presoekin elkartasun olentzeroa eta Beti Gazte elkartearen 75. Urteurrenekoa atera ziren kantari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun