erran.eus

530 hektarea inguru kiskali dira eskualdean izandako suteetan

  Gertaerak  Mendialdea

Abenduaren 16an Goizueta eta Leitza arteko Mandoegi ingurua izan zen su garren indarra nabaritzen lehena eta geroztik suak ez du atsedenik eman eskualdean. Abenduaren 19an Igantzi eta Lesaka kolpatu zituen, 24an piztu zen Arantzakoa eta abenduaren 26an Lekarozen Legate mendia hartu zuen suak. Suhiltzaile eta boluntarioen laguntzari esker biharamunerako sute gehienak kontrolpean izatea lortu badute ere, Arantzan haizea baretu arte ez dute lasaitzerik izan. Iganderako itzalia zuten sua berpiztu eta 40 hektarea gehiago erre dira astelehenean. Iturri ofizialek jakitera eman dutenez sua itzali dute, baina suhiltzaile eta basozainek zaintza lanetan dihardute.

530 hektarea inguru kiskali dira eskualdean izandako suteetan
Ehundaka suhitzaile eta boluntario aritu dira etenik gabe lanean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Su garren eta haizearen gatibu izan da eskualdea abenduan. Gainera hezetasun faltak, tenperatura altuak eta hego haize bortitzak muturrera eraman dute egoera, suari aurre egitea oztopatuz. Ezbeharrez  edo behar ez zuten ekintzen ondorioz, baina 530 hektarea inguru kizkali dira. Tartean, pagadiak, iratzeak, haritzak, txilarrak… Ehundaka suhiltzaile, boluntario eta herritar aritu dira elkarlanean eta tartean, Arantzan, zauritu bat ere izan da harri batek kolpatuta. Gainontzean zorionez, baserri eta etxebizitzetara ez da surik ailegatu.

Goizueta eta Leitza artean, Mandoegi mendiaren hegal aldapatsu batean piztu zen sutea abenduaren 16an 20:30 aldera.  Denetara, 50 bat lagun aritu ziren su garren kontra, Goizueta eta Leitzako boluntarioak eta inguruko suhiltzaile etxeetatik etorritakoak, baina hego haizeak eta orografiak ez zuten sua itzaltzeko lanetan lagundu. Abenduaren 17an 16:30ak aldera lortu zuten sutea kontrolpean izatea. 50 hektarea inguru kiskali dira; pagadiak, iratzeak, txilarrak… eta hiru ardi hilik topatu eta beste batzuk erredurekin agertu dira.

Abenduaren 19an, Igantziko Berrizaun aldean piztu zen sutea izan da hektarea gehien kaltetu dituena; 250 inguru, sasiak eta zuhaiztiak barne. Itxuraz zuhaitz bat argindar kable baten gainean erorita sutea piztu eta horrek, Frain mendiaren Igantzi aldeko magala erabat kixkali zuen eta Lesaka aldera ere zabaldu zen sua gauean. Azkenean, igande eguerdi aldera kontrolpean zuten sutea, baina horretarako ehun lagun baino gehiago aritu behar izan zuen gogor lanean, Lesakako eta Berako suhiltzaile boluntarioekin batera, Nabaskoitze, Auritz, Altsasu, Tafalla, Lodosa, Lizarra eta Azkoiengoak, Oronoz eta Iruñeko profesionalak eta, igande goizean, Espainiako ejerzitoko Larrialdietako Unitatea ere joan baitziren.

Abenduaren 24 gauean, Arbadi inguruan piztutako sutea abenduaren 28ra arte luzatu zen. Lanak izan dituzte sutea mendean hartzeko, haize bolada bortitzek suhiltzaileek itzalitakoa berpizten dutelako behin eta berriz. Larunbatean lortu zuten sua kontrolpean izatea eta igandean dagoeneko su txikiak bakarrik geratzen ziren, baina gaueko haize zakarraren ondorioz sua berpiztu egin zen abenduaren 28an. Hiru fronte zabaldu ziren bat Artikutza aldera, bertzea iparralderantz, Lesaka inguruan eta hirugarrena Bagatxar-Ollargata inguruan. Abenduaren 27ra arte, 140 hektarea erreak zituen suak; tartean bertako hainbat espezie, pago eta haritzak kaltetuz. Astelehenean berpiztu zen suteak, 40 gehiago kiskali zituen, erdiak Artikutzan. Haizea baretuta, sua itzaltzea lortu dute, baina badaezpada ere zaintza lanetan dihardute suhiltzaile eta basozainek. Arantzakoa ez zen izan abenduaren 28ko larrialdi dei bakarra Igantziko bentetan ere, berehala kontrolpean hartu zuten sute txiki bat izan zen.

Bortziriak eta Leitzaldetik haratago, Baztan ingurua ere astindu zuen suak. Abenduaren 26an, Lekarozen Legate mendian izan zen sutea eta 50 hektarea inguru kaltetu ziren.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa