Haurren beharretan zentratutako arretaz ariko dira Lesakan abenduaren 19an

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 10a, 08:07
Etxeko animaliekin egiten diren terapiak ere landuko dituzte Harriondoan abenduaren 19an.

Aurora Carbonell terapeuta okupazionalak emanen du Bortzirietako Osasun Zentroak antolatutako saioa

Testuinguru naturaletik abiatuta, haurren beharretan zentratutako arreta landuko da abenduaren 19an Lesakako Harriondoa Kultur Etxean.   Egun osoko egitaraua antolatu du Bortzirietako osasun zentroak oraingo honetan. Aurora Carbonell terapeuta okupazionalak emanen du saioa, haurren inguruko terapietan hainbat teknika eta lan moduetan formazio zehatza duena, baita etxeko animaliekin ere. Naturaren inguruan familia eta haurren garapenean zentratutako disziplina anitz landuko dira bertan. 

 

Tailerra abenduaren 19an, larunbat goizeko 9etan hasiko da eta 13:30ak bitarte kontzeptu orokorrak, haurren garapenean inguruaren garrantzia, inguru errealeko ohiturak, arazo sentsorialek eguneroko autonomian duten eragina, jarrera arazoetan arreta eta familia esku hartze tailer praktikoa landuko dira.

Jardunaldia goiz eta arratsaldez izanen denez, bertan bazkaltzeko aukera egonen da, eguneko menua eskaintzen duen jatetxe batek ekarriko baitu janaria. Elkarrekin indarrak berritu eta bidenabar esperientziak partekatzeko aukera izanen da otorduan.

Bazkariaren ondotik, animaliekin ekintza terapeutikoa landuko da. Esku-hartze metodoak, profesionalen betebeharrak, nori zuzendua eta kontraindikazioak eta animaliak baliabide terapeutiko gisa ataletan banatu da 15:30etik 18:30era antolatu den arratsaldeko saioa. Amaitzeko tailerra eginen da, ekintza terapeutikoa txakurrekin eta haurrekin.

Eskoletan informazioa eskaintzen duten triptikoak eskura daitezke. Izen emateko azkeneko eguna abenduaren 15a da. Kurtsoak 10 euro balio ditu eta bazkaltzera geratu nahi duenak 15 euro ordaindu beharko ditu. Izen emateko orria eta ordainagiria Bortzirietako edozein osasun etxetara eraman edo cslesaka@cfnavarra.es helbidera bidali beharko da.

 

Urte berriarekin, ikastaro berriak

Urtea amaitu arren, tailer eta jardunaldi berriak izanen dira urte berriarekin batera. Urte hasieran lehen sorospenei buruzko jardunaldia eginen da eta martxo-apiril aldera, berriz, haurren garapenaren inguruko tailer bat egiteko asmoa dago. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun