Kontserbaziorako Eremu Berezi izendatu dute Artikutza

Ttipi-Ttapa 2015ko abe. 4a, 08:53
Artikutza, Kontserbaziorako Eremu Berezi izendatu du Nafarroako Gobernuak.

Komunitaterako interesa duten zortzi habitat ezberdin dituela azpimarratzen du Nafarroako Gobernuak

Goizuetako dermioan, Gipuzkoa, Zubieta, Beintza-Labaien, Arantza eta Lesakarekin muga egiten dute Artikutzako 3.638,65 Hektareak. Nafarroako Gobernuak Kontserbaziorako Eremu Berezitzat (ZEC) izendatu berri du, Donostiako Udalarena den lur-eremua.

 

Komunitaterako interesa duten zortzi habitat ezberdin omen ditu Artikutzak bere baitan: gehien bat pagadiak ditu, baina badira mota ezberdinetako hariztuak, Arritxurietako hagin zuhaiztia, edo Elama eta Añarbeko haltz zuhaiztiak, belagiak eta larreak ahaztu gabe. Botanika eta fauna aldetik ere interes handia dauka Artikutzak.

Artikutzarekin batera Areta erreka ere Kontserbaziorako Eremu Berezitzat jo du Gobernuak eta hortaz Nafarroa osoan gisa honetako 23 eremu daude, horietako batzuk eskualdean: Bertizko Jaurerria, Aritzakun-Urritzate-Gorramendi, Baztan ibaia eta Artesiaga erreka, Orabideko erreka eta Arxuriko Zohikaztegia, Bidasoa ibaia eta Belate.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun