4,86 milioi euroko aurrekontua onartu du Berako Udalak aho batez

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 27a, 07:25
Berako udal talde berriak, bere legealdiko lehen aurrekontua onartu du.

Lesakako udalarekin batera egin beharreko ur-hornidura proiektua izanen da inbertsio nagusiena

Berako Udaleko Osoko Bilkurak azaroaren 19an aho batez behin behinekoz onartu ditu 2016rako aurrekontuak, EH Bildu, Herrirako eta UPNko zinegotzien aldeko bozkekin. 4.861.335,72 eurokoa izanen da aurrekontu osoa, 2015koa baino %5 inguru handiagoa. UPNko Juan Losa zinegotziak adierazi zuen «zenbait kontu-sailekin ados ez egon arren konfiantzako botoa emanen diola».

Atal gehienetan ez dago aldaketa nabarmenik, eta oro har, zeuden horretan mantenduko dira ia sail guztiak. 2015ean ez du mailegurik eskatu Berako Udalak eta hala nahi dute segitu. Josu Iratzoki alkateak azaldu zuenez, «Musika Eskolaren kasuan, Nafarroako Gobernuaren diru-ekarpena gero eta murritzagoa da eta gaur ez egun ez da %10era ailegatzen, nahiz eta Musika Eskolak martxan jarri zirenean, Nafarroako Gobernuak %33 hartu behar omen zuen bere gain» eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioan gai hau lantzeko batzorde bat sortu dute.

Inbertsioen atala, 1.838.058,55 eurokoa izanen da aurten. Diru horren ia zati osoa, aurten hastekoa zen baina azkenean 2016an gauzatu asmo duten Berako eta Lesakako Udalek elkarrekin ur-hornidurarako landuko duten plan zuzendarira bideratuko da. Baina, alkateak aipatu zuenez,  obra hau Azpiegitura Planetik atera dute eta oraindik ez da da ziur 2016an ere eginen den, «Toki Administrazioan larri baitabiltza Azpiegitura Planean dagoena bukatzeko». Egitasmo osoaren aurrekontua 1.456.558,55 eurokoa da (gehi BEZa),  Nafarroako Gobernuaren %90eko dirulaguntza izanen luke, gainerakoa ordaintzeko bi udalen artean adostu dute, Lesakako Udalaren ekarpena %3,5a izanen da eta Berako Udalak, berriz, proiektuaren %6,5 hartuko du bere gain.

Gainerako inbertsioak kopurutan ttikiak dira. Udal Hirigintza plana berritzeko 215.000 euro erabiliko dira eta horretarako hitzarmena sinatuko dute Nafarroako Gobernuarekin eta ditu-laguntza %80 inguruka da; ur sarea eta zoladura berritzeko 80.000 euro eta Eztegara frontoia moldatzen 30.000 euro. Pilotalekuaren obraren zati bat egiten ari dira orain eta datorren urtean gehiago eginen dute, instalazioa ongi aprobetxatzeko. Aipatzekoa da auzolanetarako materiala ordaintzeko diru-sail bat ere izanen dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun