Euskararen eguneko ekitaldiak azaroaren 28an ospatuko dituzte Areson

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 27a, 07:10

Euskara Taldeak bultzatutako egunean bilduko den dirua Tuterako Argia Ikastolari laguntzeko izango da

Aresoko Euskara taldeak, herritar guztiei bota zien Euskara Eguna antolatzeko hordagoa eta guraso elkarteak, lagun arteak eta zenbait norbanakok laguntzeko prest daudela erakutsi dute. Hala, denen artean antolatu dute azaroaren 28an ospatuko den euskararen eguna. 

 

Larunbat eguerdiko 12etan  Udaletxeko goiko solairuan Panpanoziri aldizkaria aurkeztuko du Kristina Urrutiak, Leitzaldeko euskara teknikariak, eta herritarren artean banatuko dute herri aldizkariaren hirugarren alea. Segidan, bi dokumental ikusteko aukera izango da. Izarne Olanok Laskorain Ikastolari buruz egindako Euskaraz bizi lana batetik eta Olatz Artolak Tuterako Argia Ikastolari buruz egindako Badira bagara dokumentala bestetik. 14:00etan herria bazkaria izango da Pake Toki Elkartean. Helduek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta hamabi urtetik beherakoek 8. Bazkalondoan, kantaldia izango da eta 17:30 aldera, kantu jira egingo da herrian barrena, parketik abiatuta.19:00etan taloak jateko aukera izango da beheko trinketean. Egunean zehar bilduko den dirua Tuterako Argia Ikastolari bidaliko zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun