Hamabigarren azienda, artisau eta nekazaritza feria eginen dute Goizuetan azaroko azken larunbatean

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 26a, 06:50
Joan den urtean eskolako frontoian egin behar izan zen erakusketa. Ea aurten eguraldiak gehiago laguntzen duen.

Goizeko 11etan ardi erakustaldia eta eguerdian Inaxio Perurena harrijasotzailearen saioa izanen dira

Hamabigarren edizioa izango du aurten Kultur Taldeak, Gazte Asanbladak, Gurasoak Guraso Elkarteak eta Umore Ona elkarteak, Udalaren laguntzaz antolatzen duten Goizuetako azienda, artisau eta nekazaritza Feria egunak eta aurten ere nobedadez beteta dator azaroko azken larunbata. 

Larunbat goizeko 10etan emango zaio hasiera feriari. Aziendek, artisau eta nekazaritza postuek beteko dute herria eta tartean hainbat ikuskizun izango dira, hala nola, trikitilariak, joaregileak, sagardogileak, txurrogileak, sifoia edo labaderoan jarriko den koadro erakusketa. 11:00etan ardi erakustaldia eginen da. 12:30ean Inaxio Perurena harrijasotzaileak erakustaldia eskainiko du.

 

Bazkaria frontoian

14:00etan bazkaria izango da goiko frontoian. Txartelak Amaia kafetegian daude salgai. 8 urte bitarteko umeek doan dute sarrera. 9 urtetik 16 urte artekoek 10 eurotan, 17 urtetik aurrerako langabetu eta ikasleek 18 eurotan eta langileek 21 eurotan. Urtero giro ederra sortzen da eta seguru aurten ere  halaxe izango dela. Hortaz arduratuko dira Elutxa txarangakoak, bazkalondoa eta 18:30etik aurrera eginen den poteoa alaituko baitute.

Azaroko Kulturaldiko azken ekitaldia izanen da larunbateko feria. Bezperan, ostiral arratsaldeko 7etan Amama filma ikusteko aukera izanen da Ganbaran. Sarrera 2 euro kobratuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun