IrriSarri Landek arrisku-kirolen zinema jaialdia antolatu du astebururako

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 26a, 07:02
Arrisku-kirolen zinema jaialdiko kartelaren irudia.

Azaroaren 27tik 29ra eginen da Igantziko parkean eta jarduera paralelo ugari izanen ditu  

Arrisku-kirolak ezagutzera ematea (bizikletaren munduarekin lotura dutenak, bereziki) du helburu IrriSarri Land abentura parkeak asteburu honetan antolatuko duen IrriSarri Sport Film Festival jaialdiaren lehen edizioak. Film eta bideoen proiekzioaz gain, bertze hainbat jarduera ere eginen dituzte.

Azaroaren 27tik  29ra, bizikletarekin lotura duten dozenaka film eskainiko dituzte IrriSarri Land Igantziko abentura parkean, tartean, Mikel Fernandez, Antoine Bernays, Lander Odiaga eta Javi Pira bertako zinegileek egindakoak.

Ortziral arratsaldean proiekzioak eginen dituzte, eta larunbat goizean asteburu osora luzatuko den film laburren lehiaketa abiatuko dute. Hiru lan onenek asteburuko egonaldia parkean jasoko dute saritzat. Rallyan aurkeztu beharreko lanek gutxienez 90 segundoko iraupena eta gehienez 120 segundokoa izan beharko dute, eta irudi guztiak egun horretan bertan parkean grabatu behar dira. Larunbat arratsaldean bertako zein atzerriko lanak proiektatuko dituzte. Gainera, egitaraua osatzeko, Straba Jaitsierak eta Four Cross lasterketak antolatuko dituzte, hiru kategoriatan banatuta (Bike Eskola, emakumezkoak eta profesionalak). Cannondale eta Scott etxeek ekimenarekin bat egin dute eta hainbat sari emango dituzte. Funbox Factoryk eskainiko duen erakustaldiak eta Rider Party afariak osatuko dute larunbateko programa. Eta igandean, azkenik, sari-banaketa ekitaldia eta emanaldi gehiago eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun