Jaialdi izaera galduko du azaroaren 27tik 29ra Beran eginen den Ertzek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko aza. 25a, 08:51
Alex Mendizabalen instalazioa Donostiako Tabakaleraren irekieran irailean, Ertzek antolatuta. Argazkia: Asier Gogortza

Halere, hainbat ekitaldi antolatu dituzte astebururako, igandean Bidazirekin batera antolatutako bazkari begano ekologikoarekin eta Jakoba Errekondoren liburu aurkezpena eta solasaldiarekin bukatuko direnak

Ertz da, baina ez da jaialdia. Halaxe laburbiltzen dute, 15 urteren ondotik orain arte Ertz Bertze Musiken Jaialdia izan dena antolatzen dutenek aurten egin nahi duten ariketa. «Gure kultur jarduerari, eta berau kokatzen den errealitateari buruzko hausnarketa gisara, aurten jaialdi izaera galduko du Ertzek, bertze zerbait bihurtzeko», diote. 

 

Jaialdi izaerak aisialdi hutsarekin duen lotura hautsi eta “gure jarduera bertze modu batean ulertzeko gaitasuna da jokoan jarri nahi duguna” aipatu dute eta kultura, gure ingurunearekin (soziala, ekologikoa, politikoa…) ulertzeko beharraz hausnartu nahi dute, jaialdia hortarako eredu egokiena ote den edo ez zalantzan jarriz.

Ariketa hau zerbaiten amaiera baino, “bERTZe zerbaiten hasiera izan daitekelakoan, irailetik abendura bitartean zenbait ekitaldi antolatu dituzte, gehienak filosofia antzekoarekin lan egiten duten bertze agente eta aktoreekin elkarlanean”.

 

Asteburuko egitaraua

Jaialdi edo ez jaialdi, egitarau zabala prestatu dute azaroaren 27tik 29ra Beran.

Ortziralean 22:00etan zine gaualdia izanen da Kultur Etxean, Oskar Alegria zinegile eta Iruñeko Punto de Vista zine jaialdiko zuzendariak aurkeztuta.

Larunbatean 22:00eta, “Züek heben” ikusentzunezko emanaldia eskainiko dute Kultur Etxean. Ortzegunetik larunbatera herrian barna soinu eta irudi biltzen ariko dira Patxi Laskarai, Pierre Vissler, Mixel Etxekopar eta Jean-Christian Galtxetaburu. Batez ere beratarren euskalkiari eta solasteko moduari erreparatuko diote, bertze euskal herri batzutan egiten ari diren bezalaxe. Larunbatean aurkeztuko dute bildutako uzta.

Igandeko egitaraua Bidazi elkartearekin batera prestatu du Ertzek. 10:00etan Baratzeko Kantutegia eskainiko dute, entzunaldia herriko baratzeetan barna, Jakoba Errekondo eta Alex Mendizabalek gidatuta. Ezkilak, lurrazpiko soinuak, barazki dastatzea, landareentzako musika… 14:00etan bazkari begano ekologikoa izanen da Bidazi elkartearen eskutik Iamotenean. Izena ematen duten lehen 50 lagunentzat bakarrik izanen da tokia. Apuntatzeko e-mail bat bidali behar da info@bidazi.org helbidera. Prezioa 16 eurokoa da. Arratsaldeko 5etan “Bizi baratzea” liburuaren aurkezpena eginen du Jakoba Errekondo egileak. Galdera-erantzun-solasaldi tartea izanen da aurkezpenaren ondotik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun