Urdazubiko Kultur Etxe eta Turismo Bulego berria inauguratu dute

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 23a, 07:37
Inaugurazio ekitaldian lepo bete zen Urdazubiko Kultur Etxe berria.

Bi solairuko eraikin berri hau hitzaldiak, bilerak eta turismo informazio bulego bezala erabliko da eta Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko lehendakari ordea eta Isabel Elizalde kontseilaria izan ziren azaroaren 21eko ekitaldian

Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuaren Ekonomi Garapenaren lehendakariordea etaIsabel Elizalde Arretxea Nafarroako Gobernuaren Landa Garapena, Ingurumena eta Tokiko Administrazioaren kontseilariak, Santiago Villares Urdazubiko alkatearekin batera, Urdazubi Kultur Etxe berria inauguratu dute azaroaren 21ean, larunbat eguerdian. Erabilera anitzeko eraikin hau abuztuaren 1etik darama irekita, eta Turismo Bulego gisa ere funtzionatzen du.

 

Ekitaldian, Iñaki Martínez de Virgala Nafarroako Gobernuaren Produktu Garapen eta Marketin Serbitzuaren zuzendaria, Ibon Mimentza Cederna Garalureko gerentea, Evaristo Mentaberri Zugarramurdiko alkatea, Joseba Otondo Baztango alkatea, Jean Babtiste Labord Sarako alkatea, Jean Miguel Ibarlucia Ainhoako alkatea eta zinegotzi eta udalerriko teknikariak izan dira.

 

Ekitaldian, plaka oroigarria desestali dute, eta bertaratuek Joaquin Taboada pianistaren eta Mercedes Soto sopranoaren errezitaldiarekin gozatu dute. Urdazubi-Urdaxeko alkateak instalazio berriak erakutsi dizkie bertan zeudenei, eta ekitaldia amaitzeko, bizilagun guztiei irekitako janaurrekoa egin dute.

Eraikin berriak fraideen elurtegiaren eta Urdaxeko errementaldegi zaharraren lekua hartzen du, erortzear zeuden bi eraikin, alegia. Horrez gain, plazatik eta San Salbadorreko Monasteriotik hurbil dago.

366 metro koadroko azalera du, behe-solairuan, 169,10 m2-ko azalera erabilgarria duena, eta goiko solairuan, 197 m2-koa, banatuta. Behe-solairuan, bisitariak hartzeko gunea, turismo-informazioa eta denda txiki bat aurki ditzakegu, eta goiko solairuan, berriz, herriko bizilagunek eta elkarteek euren bileretarako eta prestakuntzarako erabil dezaketen areto bat. Eraikinaren fatxadak silarriak ditu harkantoietan, eta haren eraikuntza-data, hots, 1715, grabatuta duen harrizko ateburua ere mantentzen du.

Eraikin berria abuztuaren 1etik darama irekita, Turismo Bulego gisa. Pertsona bat dute kontratatuta horretarako, eta 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:00etara ematen du zerbitzu.Orain arte, hitzaldiak, konferentziak, film-proiekzioak eta argazki-erakusketa bat hartu ditu, hainbat ekitalditan zehar:Burdin Eguna (abuztuak 1), Hegaztien Jardunaldiak (irailak 26 eta 27) eta Sos Alkerdi elkarteak antolatutako Ondarearen Europako Jardunaldia (irailak 20).

Etorkizunera begira, aurreikusita dago Turismo Bulegoak ordutegi jarraituan funtzionatzea apiriletik aurrera, denboraldi altuarekin bat eginez.

Kultur Etxea uda aurretik eraiki zuen Construcciones y Promociones Pedroarena, S.L. enpresak, eta obraren zenbatekoa 319.199,97 eurokoa izan da, europar funtsetatik 50.000 euroko diru-laguntza jaso dutelarik lanak burutzeko (Cederna-Garalur).  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun