Baldeka ur izoztuaren kanpainan parte hartu dutenak eskertu ditu ADELA elkarteak

Ttipi-Ttapa 2015ko aza. 5a, 07:08
Amaiurko sokatira taldea ere busti zen ELA eritasunaren ikerketaren alde, eritasun horrekin hildako Joxe Jabier Sarratea gogoan.

Lortutako donazioak ELA eritasuna ikertzeko erabiliko dira

Nafarroako Alboko Esklerosi Amiotrofikoa elkarteak (ADELA), Baldeka ur izoztuaren kanpainan parte hartu duten guziak eta lortutako dirulaguntza eskertu ditu ohar bidez. Jasotako donazioak, Navarrabiomed-Miguel Servet Fundazioaren bidez, ELAren ikerketarako bideratuko dira.

FMS-Navarrabiomedeko ikerrzaile eta Nafarroako Ospitaleko neurologa den Ivónne Jerico Pascualek zuzenduen duen ikerketa proiektua, Nafarroako Osasun Zerbitzuko bertze espezialistekin elkarlanean eta FMS-Navarrabiomedeko Biobanco eta Proteomatika azpiegitura teknologikoekin, ELAren balizko bioseinalatzaile ahaldunak identifikatzen saiatzen da eta gaixotasun honen fisiopatogeniaren ezagutza hobetze aldera ahaleginduko da.

ADELA elkartearen oharrak dioenez, “zure solidaritate eta eskuzabaltasunari esker, gaixotasun honen zergatiak ikertzen segi daitezke”.

 

ELAren kanpaina eskualdean

Aipatzekoa da Baldeka ur izoztuaren kanpaina hainbat eragilek parte hartu zutela joan den urtean, Baztan aldean batez ere. Amaiur sokatira taldea (bertako kide zen Joxe Jabier Sarratea eritasun honekin hil zen), Baztango Batzar Nagusia, Baztandarren Biltzarra, herrietako eskolak, Menditarrak-BRT Rugby Taldea, Doneztebeko Erreka elkartea, Baztango dantzariak eta bertze zenbait talde busti ziren ELAren ikerketaren alde.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun