Ehiza jardunaldi gastronomikoak urriaren 30etik azaroaren 29ra eginen dira

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko urr. 30a, 07:24
Iciar Mikelperizenaren "La angustia del faisan" margolana ageri da menu guztiak biltzen dituen eskuorrian.

Eskualdeko bederatzi jatetxek hartuko dute parte eta argazki lehiaketa ere antolatu da lehen aldiz

Baztan-Bidasoa Turismoak antolatzen dituen ehiza jardunaldi gastronomikoak urriaren 30ean hasi eta azaroaren 29ra luzatuko dira. Eskualdeko Bederatzi jatetxek parte hartuko dute jardunaldietan: Bortzirietan, Aterpe eta Burlada Arantzan eta La Villa Igantzin; Malerrekan, Donamariako Benta; Baztanen, Arizkungo Ordoki, Elbeteko Posada, Iruritako Olari eta Oronoz Mugairiko Urgain; eta Urdazubin Montxo Jatetxea.

Ehiza plater hauetan uso klasikoaz gain, birigarroak, faisaiak, basahate galeperrak, eperrak, orkatza, basurde eta oreina dastatzeko aukera izanen da, gure gastronomiako osagai ezagunez lagundurik: onddoak, lekak, piperrak… eta bukatzeko, eskualdeko esneki tipikoak eta beste postre zoragarriak ere.

Nafarroako ardoak plater hauen osagarri onak dira. Aurten ere, Iñurrieta upategi nafarrak, Pirineos Exdim-ekin batera jardunaldi hauetan laguntzen du, Nafarroako Gobernuarekin batera. Oroitarazi ere jatetxe hauetako batzuk abendu hasierara arte luzatzen dutela beraien ehiza eskaintza.

Baztan-Bidasoa Turismoak kartel bat eta jatetxe guztiak biltzen dituen eskuorri bat argitaratu ditu. Eskuorri hauek, jatetxeetan eta informazio turistiko puntuetan eskuragarri egonen dira baita www.baztan-bidasoa.com webgunean eta sare sozialetan. Urriaren erdialdera menu guztiak biltzen dituen eskuorria argitaratuko du elkargoak. Material grafiko honetarako, urtero bezala, eskualdeko margolari baten margolana agertzen da. Oraingoan, Iciar Mikelperizenaren “La angustia del faisan” kuadroa agertzen da.

 

Argazki lehiaketa lehen aldiz

Aurten, Ehiza Jardualdiko I. argazki lehiaketa antolatu da. Parte hartu nahi duenak jatetxe hauetakoren batera hurbildu, menua eskatu eta dastatuko duen platerei argazkiak atera eta info@baztan-bidasoa.com helbidera bidali beharko du. Irabazleak Baztan-Bidasoko jatetxeren batean 2 pertsonentzako bazkaria dastatzeko aukera izanen du. Lehiaketaren oinarriak jatetxeetan eskuragarri izanen dira.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun