Lesakako San Fermin elkarteak bere Eguna ospatu du urriaren 23an

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 26a, 10:52
Omenduak, Kotteka Ubiria dantzariarekin eta Joseba Etxepare txistulariarekin.

Omenaldia eskaini zaie urrezko eta diamantezko ezteiak ospatzen dituzten senar-emazteei eta 85 urte betetzen dituzten bazkideei

Lesakako San Fermin jubilatu Elkartearen Eguna ospatu zuten joan den ortziralean, urriaren 23an. Aurten ere, diamantezko eta urrezko ezteiak ospatzen dituzten bikoteei eta 85 urte betetzen dituzten bazkideei omenaldia eskaini zaie. 

 

Zehazki, ospakizunean izan ziren Diamantezko Ezteiak ospatzen dituzten Pedro Larralde Gaztelumendi eta Maria Jesus Zubieta Tapia; Urrezko Ezteiak bete dituzten Jose Francisco Ubiria Portu eta Josefa Andueza Sarratea; eta 85 urte egin dituzten Jose Agirretxe Ezama, Maria Luisa Telletxea Viñas, Consuelo Aldaraborda Iparragirre eta Teresa Larralde Gaztelumendi.

Eguerdiko mezan, sorpresak izan zituzten eta Diamantezko Ezteiak betetzen dituzten Pedo Larralde eta Maria Jesus Zubietaren bi bilobek, Peio Fontan Larraldek eta Olatz Rojo Larraldek, musika-pieza bat jo zieten, klarinetea eta zeharkako txirula lagun zutela. Meza ondoan, plazako Aurreskua ere berezia izan zen, Urrezko Ezteiak betetzen dituzten Jose Francisco Ubiria eta Josefa Anduezaren seme nagusiak, urtetan ezpatadantzarien aitzinesku izandako Kotteka Ubiriak dantzatu baitzuen, Joseba Etxepare txistulariaren doinuekin.

Plazako ekitaldiaren ondotik bazkaria izanen zuten udal pilotalekuan eta bazkalondoan, omenaldiak egin zituzten. San Fermin elkarteak antolatutako txapelketa ezberdinetako sariak eta trofeoak ere banatu zituzten eta dantzaldiarekin bukatu zen ospakizuna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun