Nafarroa Gobernuak 360.000 euro inguru inbertitu du zortzi zohikaztegi kontserbatzen

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 23a, 09:51
Belateko zohikaztegian egurrezko dikeakere eraiki dira, zenbait eremutan hezetasun-maila areagotzeko.

Ekimen hori Life-Tremedal proiektuaren barnean egin da, eta haren azken mintegia Bertizen egiten ari dira

Nafarroak 358.429 euro inbertitu du Foru Komunitateko zortzi zohikaztegi kontserbatzen, Life-Tremedal proiektuaren barnean egindako ekimena, eta haren mintegia Bertizko Jaurerriko Parke Naturalean egiten ari dira urriaren 22 eta 23an. Zohikaztegiak ura lur-mailaren azpitik dagoen lursailen guneak dira, nahiz eta inguruan egindako eragina erabakigarria den eta bertan bizitzako landare- nahiz animalia-motak baldintzatzen dituen. Guztira, paraje horiek guztiak kontserbatzeko 716.858 euro erabili dira, % 50 Foru Komunitateak emanda eta gainerako %50, LIFE+Natura Europako funtsak.

Ortzegun goizean ireki zen mintegia, eta irekiera hori Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusi Eva Garciak egin zuen. Ortzeguneko saioan, proiektuan parte hartutako erakundeetako langile teknikoak aritu ziren, eta ondorengo gaiak jorratu zituzten: Europako zohikaztegien sailkapena, hezeguneak kudeatzeko eta kontserbatzeko jardunbide egokiak, hezegune kontinentaletako flora eta fauna kontserbatzea, eta hezeguneetako zerbitzu ekosistemikoak. Gaur, ortzirala, mintegia akituko da, eta txango bat eginen dute Baztan eta Zugarramurdi arteko Arxuriko zohizkategia bisitatzeko, bai eta Baztan nahiz Ultzama arteko Belatekora ere (15.000 urte baino gehiago ditu).

  

Jarduketak eta azterketak

Azken urteotan, Nafarroako Tremedalen sartutako zortzi kokalekuetan lan egin da: Belate, Lixketa, Alkurruntz, Xuriain, Okolin, Maulitx, Arxuri eta Mendaurren. Haietan guztietan, zenbait jarduketa egin dira, adibidez: habitat eta espezie interesgarrien azterketak nahiz laginak, eta funtzionamendu hidrologikoari eragindako kalteak konpontzea egurrezko dikeak eraikiz zenbait eremutan hezetasun-maila areagotzeko; hala, zohikaztegi-inguruko landaretzako komunitate propioak garatzeko guneak sortzen dira. Gainera, erabilera tradizionalak kokalekuetako balioen kontserbazioarekin bateragarri egiteko jarduerak egin dira, esaterako: atetilak eta itxiturak egokitzea, bideak konpontzea.

Life-Tremedal markoaren barnean ere, Nafarroak orain arte sortutako azterketa paleoingurumeneko informazio guztia batu du, eta Belate nahiz Arxuriko zohikaztegien ezagutza paleoingurumenekoa osatu du; izan ere, zohikatz-gordailu horiek azterketa horietarako informazio-iturri garrantzitsuenak dira.

Padura hitza zenbait tokitan zohikatzak eta putzuz betetako beste lursail batzuk adierazteko erabiltzen da, lurrak "dardara" egiten du bertatik oinez igarotzen denean. Balio ekologiko handiko habitatak dira, haiek dauden guneetako biztanleekin harreman estua dute, bertako kultura eta bizimoduarekin (Europako proiektuan sartuta dauden alderdiak dira ere). Kokaleku horiek aipatzeko gehien erabilitako beste hitz bat "zingira" da, bertan pertsonak edo ganadua trabatuta geratzeko erraztasun handia dagoelako.

Nafarroako Gobernuak hamar urte daramatza zohikaztegien eta haiei lotutako beste habitat batzuen egoerari buruzko azterketak egiten. Plan horietan, Life-Tremedalek aztertzeko eta berrezartzeko hezegune gehienak sartzen ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun