Egoera berezietan dauden familiek lana eta familia bateratzea errazteko dirulaguntza deialdi berria egin dute

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 20a, 07:19

Seme-alabak pertsona bakar baten ardurapean dauden kasuetarako bideratu du batez ere Nafarroako Gobernuak eta azaroaren 1ean bukatuko da eskaerak aurkezteko epea 

Egoera berezietan dauden familiei laneko eta familiako eginkizunen bateragarritasuna errazteko lagunta ekonomikoen deialdia argitara eman du Nafarroako Gobernuak. Eskaerak azaroaren 1a baino lehen egin behar dira.

Deialdi honetan babesturiko egoera bereziak honako hauek dira: alde batetik, bakar-bakarrik seme-alaba adingabeen edo harrerapean dauden adingabeen ardura duten helduak, hala nola alargunak, amatasuna edo aitatasuna aitzinera bakarrik eramatea erabaki dutenak (ugalketa artifiziala), etab… bertzetik, senar-emazteak edo bikote egonkorrak, kide bat 2015ean Nafarroatik kanpo bizitzera behartuta badago (edo egon bada) lanarengatik, etengabe, gutxienez 240 egunez, eta lantokiaren herria ohiko bizilekutik 200 kilometrotik gora badago; baita ere, deialdian parte ha dezakete senar-emazteak edo bikote egonkorrak,  elkarrekin bizi ezin badira genero indarkeriagatik edo 2015ean kide bat espetxean egoteagatik, etengabe, gutxienez 6 hilabetez..

Eskatzaileek ez dute deialdi honetako laguntzatik jasoko, aurreko ataletan jasotzen diren egoeretako batean egonda ere, baldin eta bertze heldu batekin bizi badira, 25 urte bitarteko seme-alabak eta mendekotasuna edodesgaitasuna duten helduak salbu. Harrera familiarretan dauden pertsonak seme-alabekin parekatuko dira. Ez dute laguntzarik jasoko bikote banandu eta dibortziatuek, umearen erabateko zaintza edo kustodia dutenak ezik.

Laguntzaren zenbatekoari dagokionez, 800 euro jasoko dute familiaren unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurotik beheitikoa denean eta 500 euro, familiaren unitatearen per capita errenta 11.078,57 eurokoa edo hortik goitikoa eta 13.848,2 eurotik beheitikoa denean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun