Berako udaleko Garapen Batzordea martxan jartzeko lehen bilera eginen dute urriaren 22an

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 16a, 07:08

Berako udaleko Garapen batzordea martxan jartzeko aurkezpen bilera bat eginen dute heldu den ortzegunean, urriak 22, 19:00etan Beralandetan.  Batzorde honetan nekazaritza-abeltzaintza, turismoa, merkataritza, energia eta gisako gaiak landuko dira, betiere jasangarritasuna ardatz izanik.  Zentzu honetan ideiak eta asmoak dituzuen guztiak gonbidatuak daude batzorde honetan parte hartzera.

 

Bilera iragartzeko oharrean aipatzen denez, «bizi dugun krisi egoera honek ezinbertzean garapenaren gaineko hausnarketa egitera eraman behar gaitu.  Egoera sozioekonomiko injustu honi buelta eman behar diogu tokiko garapen eredu berriak bultzatuz.  Garapen eredu berri honek langile eta herri klaseen ongizatea lortzea izan behar du helburu».

Garapen batzordearen ildo nagusia tokiko garapena edota bertako produktu eta zerbitzuen sustatzea izanen da, gertuko ekonomia indartuz.  «Bertan bizi, bertan lan egin eta bertan kontsumitu leloarekin laburbildu daiteke gure ustez garapen batzordeak bultzatu behar duen jarduna», dio oharrak.

Garapen jasangarriaren bidean pausuak eman nahi lituzke Berako Udaleko Garapen Batzordeak, inguruko baliabideak errespetuz erabiliko dituzten proiektuak bultzatuz.

Zentzu honetan dei egiten diete «nekazari, merkatari, langile edo bertzerik gabe garapen jasangarrian interesa duzuen herritarrei zuen iritzia azaldu eta denon artean garapen batzordea antolatzeko, gure herriak eskeintzen dituen aukerak baliatzeko».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun