Enaitz Antso oronoztarrak irabazi du Nafarroako buruz buruko pilota txapelketa gazte mailan

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 13a, 09:35
Enaitz Antso txapeldun eta Iker Salaberria azpitxapeldun, gazte mailako Nafarroako buruz buruko txapelketan. Bigarren mailako larruzko paleta txapelketako finalistekin ageri dira.

14-18 irabazi zion Iker Salaberria goizuetarrari astelehenean Labriten

Zugarralde taldean ari den Enaitz Antso oronoztarrak Nafarroako Kirol Jolaseteko buruz buruko pilota txapelketa irabazi du, urriaren 12an Labriten jokatutako finalean Erreka taldeko Iker Salaberria goizuetarrari 14-18 irabazita.

 

Berdintasun handiko finala izan zen, bana, launa, bederatzina eta hamarna berdindu ondotik, 13-11 eta 14-12 aitzinetik joan zen goizuetarra, baina oronoztarrak, berriz ere hamalauna berdintzea lortu zuen. Hortik aitzinerako lau tantuak Antsok egin zituen: lehenbizikoa, Salaberriak zabalera egindako dejadak txapa jo zuenean, hurrengo biak sakez era azkena, dejada batekin.

Bigarren mailako larruzko paleta txapelketaren finala ere jokatu zen aurretik eta Aisak 30-22 irabazi zion Rodriguez-i.

Argazkian, lau finalistak ageri dira Nafarroako Pilota Federazioko ordezkariekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun