Usategietako igandea urriko bigarren asteburuan ospatuko dute aurten Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 8a, 12:33
Eguraldiak eta usoek laguntzen badute, sare bidezko ehizatzeko modua ikusteko aukera izanen dute bisitariek.

Larunbaterako ere hainbat ekitaldi aurreikusita daude 

Etxalarren Usategietako Igandeko besta prest dute. Aspaldiko ospakizun hau, urriaren bigarren igandean burutuko da, hilaren 11n hain zuzen. Orain arte hirugarren igandean ospatzen bazen ere, aurten aste bat aurreratzea erabaki da Elizondoko Nafarroa Oinezekin topo ez egiteko. 

 

Altxataren eskutik, urtero bezala goizean talo eta bokadilo postua izanen da Lizaietan (eguraldi ona bada). Arratsaldean, berriz, frontoian ostatua jarriko dute. Goizean edo arratsaldean lanean aritzeko laguntza eskertuko dute eta horretarako Altxakideengana jo behar da.

Udalaren eskutik igande arratsaldean Oharkabe taldearekin musika izanen da plazan 19:00etatik 22:00etara.

Honez gain, Etxalarko Euskara Batzordeak bezperako arratsalde-ilunabarrerako antzerkia eta musika ere antolatu ditu. Txirene antzerkiak-en eskutik Birziklatu beharra antzezlana izanen da kultur etxean 18:30ean. 19:30ean gaztainak, sagardoa eta pintxoak eskainiko dituzte plazan, zuzeneko musikarekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun