Zuhaitzak ezagutzeko bi ibilaldi antolatu dituzte Arantzan

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 7a, 13:15

Larunbat honetan Angulerutik San Juan Xarrera joanen dira, berriki sortutako euskararen aldeko taldeak antolatuta 

“Arbolak izautuz” izenburupean bi hitzordu jarri ditu Arantzan berriki sortu den euskararen aldeko taldeak. Urriaren 10ean, larunbatean izanen da lehenbizikoa eta angulerutik San Juan Xarrera joanen dira, bidean zuhaitzak ezagutzeko hainbat ekintza eginez. Arratsaldeko 3:30ean abiatuko dira eta San Juan Xarren berendatu ondotik bueltatuko dira.

Urriaren 16an, ortziralarekin, 16:30ean abiatuta herri inguruan ibiliko dira. Parke azpiko eta herri inguruko zuhaitzak ikusi, argazkiak atera, izenak ikasi, hostoak bildu eta afitxa batzuk beteko dituzte. Gure haurrei, ttiki-ttikitatik natura zaintzeko eta maitatzeko urratsak erakutsi behar zaizkie. Ateraldi hauetan, gure arnasa diren arbolen garrantzia eta hauek ezagutu eta bereizteko azalpenak emanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun