Almandozko tunelak tunel seguru baten arriskua bikoizten du eta Belatekoak hirukoiztu

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 6a, 11:20
Almandoz eta Belateko tunelak arrisku handikoak dira.

Tunelen arriskua neurtuta, berehalako neurriak hartu behar dira Nafarroako aurreko gobernuak eskatutako ikerketen emaitzen arabera.

Arrisku handiko tuneltzat hartu dira Almandozko eta Belateko tunelak. Euren erabilgarritasuna bermatzeko, epe laburrean segurtasun neurri osagarriak hartzea ezinbestekoa da. Neurri hauek ezohiko gertaerei aurre egiteko balioko dute baita ere, tunelaren barrualdean kotxe batek su hartuko balu, errepideko bertze kotxe eta gidariei segurtasuna bermatzeko, adibidez.

Espainiako Sustapen Ministerioak hiru tunel mota bereizten ditu. Mailaketa egiteko, tunelaren neurketatik ateratako arrisku datuak segurtasun neurri egokiak dauzkan tunel batekin alderatzen dira. Batetik tunel seguruak, 1,15 baino gutxiagoko aldea dutenak. Bertzetik, 1,15 eta 1,50 arteko aldea duten tunelak, arriskutsuak izan arren, denboraldi batez erabiltzen jarrai daitezkeenak. Eta azkenik, arrisku handiko tunelak, 1,50 baino gehiagoko aldea dutenak. Belateko tunelaren arrisku datua 3,6koa da eta Almandozkoa 2,3koa. Hortaz, bi tunel hauen segurtasuna bermatu eta tunelak erabiltzen segitzeko, neurri osagarriak hartu behar dira lehenbailehen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun