Ohorezko kide berriak izendatu ditu Nafarroako Onddo eta Zizen Kofradiak Elgorriagan

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 5a, 10:36
Elgorriagako Onddo eta Zizen Kofradiako Ohorezko kide berriak.

Urriaren 4an egindako ekitaldian, bertzeak bertze Jose Sacristán aktore madrildarra eta EITBko zuzendaria izendatu dituzte

Jose Sacristán aktore madrildarra, Eduardo Barinaga EITBko zuzendaria, Txumari Alfaro Argedasko naturopata, José Juanico Bou margolari kataluniarra, Zacarías Puente Herboso Kantabriako Gaztaren Kofradiako presidentea eta Francisco Arroyo Lobo diseinatzailea dira Nafarroako Onddo eta Zizen Kofradiako Ohorezko kide berriak. Halaxe izendatu zituzten urriaren 4an Elgorriagan Kofradiak egin zuen hogeita bigarren besta egunean. 

 

Ekitaldia, Iruñeko Santa Maria La Realgo ahots lodien abesbatzak kantatutako mezaren ondotik egin zen izendapena eta ospakizunean, bertze hainbat kofradietako kideek ere parte hartu zuten. Bertzeak bertze, Nafarroako Olioaren Kofradia, Erronkariko Gaztarena, Bidasoko Izokinarena, Nafarroako Zainzuri eta Ardoenak eta, lehen aldiz, Sarako Usoaren Kofradia ere izan ziren Elgorriagan. Zubietako joaldunak ere karrikaz karrika ibili ziren.

Kaxuela lehiaketan parte hartu zuten kofradietako kide gehienek, Jose Miguel Galarregi gidari zutela. José Juanico Bou kofrade berriak emandako margolana zozketatu zen eta Arantxa Olagarai suertatu zen saridun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun