500 lagun bildu dira Ameriketan ibilitako artzainen egunean Beran

Ttipi-Ttapa 2015ko urr. 5a, 09:33
Eliz atarian atera zuten argazkia Ameriketan artzain ibilitakoek.

Kultur-transmisioan emakumearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute eta horregatik omenaldi hunkigarria eskaini diote Dolores Lazkano zenari 

‘Atzo, gaur eta beti’ lelopean, Ameriketan ibilitako euskal artzainei gorazarre egiteko eguna antolatu zuen Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak urriaren 3an Beran eta 500 bat lagun bildu zituzten Eztegara pilotalekuan egindako bazkarian. Kultur-transimisoan emakumearen garrantzia azpimarratu eta azkeneko urteetan elkarte bezala egiten ari diren lana erakutsi nahi izan dute. Gainera, eta bereziki, aurten Ameriketara joan ziren emakumeen lana goraipatu dute «beraiek izan zirelako, batez ere, gure kultura, hizkuntza, baloreak, beraien seme alabei eman zizkietenak». Ikusi argazkiak

 

Larunbat goizean harrera egin zitzaien artzainei eta hamaiketakoa ere prestatu zuten Berako Musika eskolako haurrek alaituta. Musika eskolakoekin kalejiran joan ziren artzainak San Esteban elizara, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilari Isabel Elizalde eta bere kabinete-buru den Izaskun Abril beratarra lagun zutela.

Bankako Menditarrak taldeak eta Berako Abesbatzak kantatu zuten meza. Bankakoek Ameriketara joandako emakumeei kanta bat eskaini zieten, kultur-trasmisioan egindako lana eskertuz

 

Dolores Lazkanori omenaldia

Hain zuzen, meza bukaeran Dolores Lazkano Ustariz zenari omenaldi ttiki bat egin zioten. Sortzez Gazteluko Komizko Bordakoa, Parisen neskato aritu zen 1963tik 1968ra. Garai beretsuan Kaliforniako Stanford-en artzain ibilitako Donamariko Martindeneko Agustin Leonis Babazerekin ezkondu zen Beran 1968an. Beran hiru seme-alaba izan dituzte, Maitetxu, Juan Antonio eta Xatur.

Dolores Lazkano etxeko lanetan ari zela, Xorroxin Irratian Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko Laura Igantziri egindako elkarrizketa bat aditu zuen. Inguruko herrietako artzainei elkartzeko deia egin zien Igantzik eta senarra, senideak eta koinatuak ere Ameriketan artzain ibili zirela kontuan hartuz, Dolores Lazkano bera izan zen Berako taldea biltzeaz arduratu zena. 2006an egin zuen lehen harreman hura eta 2010eko ekainaren 30ean hil zen arte, Berako taldearen ardura eraman zuen.

Elizatik Eztegara pilotalekura joan ziren artzainak eta laguntzaileak eta 500 bat lagun bildu ziren bazkarian. Aitzinetik, Sunbillako Mario eta Jesus Mari Jorajuria eta Jose Mari Arretxeak, Orondritzeko Patxi Murillok, Sorogaingo Alfredo Urbeltzek eta Orbaitzetako Felix Almirantearenak prestatutako jaibolitoak dastatzeko aukera ere izan zuten. Bazkalondoan dantzaldia izan zuten

 

Argazki erakusketa bertze asteburu batean

‘Atzo, gaur eta beti’ lelopean, Ameriketan ibilitako euskal artzainei buruzko argazki erakusketa ere ikusgai izan zen asteburu osoan Berako Kultur Etxean. Baina oraindik ikusi gabe duenak, izanen du horretarako aukera datorren asteburuan Ortziraletik igandera zabalduko da erakusketa: urriaren 9, 10 eta 11n, ortziralean 17:00etatik 19:00etara eta larunbat eta igandean 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun