Eskualdeko zortzi granja Porc D’Or sarietarako proposatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 30a, 09:40
Porc D'Or lehiaketako epaimahaiak uztailaren 3an eman zuen proposamenen berri.

Estatu osoko zerri ustiategiek parte hartzen duten lehiaketako sariak azaroaren 6an banatuko dituzte Murtzian

Estatu osoko zerri ustiategien bikaintasuna saritzen duen Porc D’Or lehiaketako sarietarako Nafarroako hamalau zerri ustiategi proposatu dituzte, horietatik zortzi eskualdekoak.  Azaroaren 6an Murtziako Lorca hirian eginen den sari banaketan izanen dira.

 

Nafarroako ustiategiek sarietarako 17 izendapen dituzte, iaz baino 3 gehiago. Estatu osoan, Kataluniak eta Aragoik bakarrik dituzte izendapen gehiago. Porc D’Or sariaren hogeita bigarren edizioko epaimahaiak uztailaren 3an eman zuen proposamenen berri.

Zehazki, atal ezberdinetarako lehen sarietarako proposatu dituzte eskualdeko ustiategiak: Zerramako titia kendutako zerrikumeen kopuruarengatik ematen den sari nagusirako, Azpilkuetako SC Arizaleta Dainziart, Lekarozko Maria Josefa Telletxea Gortari, Urrozko Jose Maria Iribarren Etxegia eta Zugarramurdiko Francisco Mihura Arraztoa daude izendatuak. Emankortasun numerikoaren atalean, Berroetako SC Maritorena-Etxenike eta Iturengo Isidro Bazterrika Mutuberria eta Umatze Tasa atalean, Arizkungo SC Irigoien-Rekarte, Iruritako Miguel Angel Maritorena Argain, Urrozko Jose Maria Iribarren Etxegia eta Zugarramurdiko Francisco Mihura Arraztoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun