Urriaro mugitua izanen dute Lesakako San Fermin elkarteko erretiratuek

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 30a, 07:23
San Fermin jubilatu elkartekoak, maiatzaren 1ean egin zuten araututako martxan.

Errioxara joanen dira urriaren 6an, ikastaro ezberdinetan hasiko dira eta Elkartearen Eguna prestatzen hasi dira urriaren 23rako

Lesakako San Fermin elkarteak Errioxara bidaia antolatu du urriaren 6rako. Bazkideek irailaren 29ra arte eros zitzaketen txartelak eta tokia izanez gero, bazkide ez direnek txartelak hartzeko aukera izanen dute irailaren 30 eta urriaren 1 eta 2an, 33 eurotan.

 

Urriaren 6an, astearte goizeko 7:30ean abiatuko dira Plaza Zaharretik autobusean eta San Asensioko eta Haroko azokak bisitatuko dituzte. Bastidan errioxar menu tipikoa bazkalduta, Guardia bisitatu eta herrira itzuliko dira.

 

Ikastaroak

Ikasturte berriarekin, ikastaro ezberdinetan izen emateko aukera ere izanen dute San Fermin elkarteko jubilatuek. Erraterako, Ramoni Ordokiren zuzendaritzapean, oroimen mintegia eginen dute urriaren 7tik abenduaren 23ra arte, asteazkenetan 16:00etatik 17:30era. Adimenaren eragintza eta narriadura kognitiboaren aurrezaintzea, bizimodu oldartsua eta adorez betetakoa lortzeko landuko dute. Izena emateko Ramoni Ordoki berari (661 345639 telefonoan) edo jubilatuen elkartean egin behar da.

Zaintze soinketa ikastaroa, berriz, urriaren 19tik 26ra arte eskainiko da astelehen eta ortzegunetan, 15:30etik 16:30era. Ariketa erraz eta eraginkorretan oinarrituta, norberarren sasoi onari eusten saiatuko dira jubilatuak. Elkartearen egoitzan eman behar da izena.

 

Elkartearen Eguna

Bertzalde, urriaren 23ko Elkartearen Eguneko txartelak hilaren 14a baino lehen erosi behar dira, Nafarroako Kutxaren bulegoan edo elkartean bertan, 37 euro ordainduz. Aurten ere, diamantezko eta urrezko ezteiak ospatzen dituztenei eta 85 urte betetzen dituzten bazkideei omenaldia eskainiko zaie.

Eguneko egitarauan ez da aldaketa handirik izanen. 12:30aen Meza Nagusia ospatuko da San Martin elizan. 13:30ean Aurreskua eskainiko zaie plazan omenduei. 14:00etan bazkaria izanen dute udal pilotalekuan. Bazkalondoan, 16:30ean omenaldia eginen dituzte. 17:00etan elkarteak antolatutako txapelketa ezberdinetako sariak eta trofeoak banatuko dituzte eta 17:30ean dantzaldia izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun