Floren Nazabal izanen da nafar bakarra Euskadiko lehen mailako aizkora txapelketaren finalean

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 29a, 09:42
Urriaren 12an Basaurin jokatuko den finalerako txartela lortu zuen seikotea.

Jon Rekondo leitzarra 9 segundurengatik kanpoan gelditu zen eta Aitzol Atutxa izan zen bizkorrena kanporaketan

Irailaren 27an, igandean jokatu zen Aian Euskadiko lehen mailako aizkora txapelketaren kanporaketa. Euskadiko lehen maila osatzen duten 12 aizkolarietatik 11 aritu ziren, Aurtizko Ander Erasunek osasun arazoak direla eta sendagilearen agiria aurkeztu baitzuen. Sei lehenbizikoek lortu zuten urriaren 12an Basaurin jokatuko den finalerako txartela.

 

Joan den urtean bezala, Aitzol Atutxa bizkaitarra izan zen bizkorrena kanporaketan. Bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko mozteko 19 minutu eta 44 segundo behar izan zituen. Floren Nazabala izan zen bigarren (20:06), Jon Irazu gipuzkoarra hirugarren (20:29), Iñaki Azurmendi gipuzkoarra laugarren (20:51), Joxemari Olasagasti gipuzkoarra bosgarren (20:52) eta Joseba Otaegi seigarren (21:25). Beraz, argazkian ageri diren sei aizkolari horiek jokatuko dute urriaren 12ko finala Basaurin.

Jon Rekondo leitzarra doi-doi finaletik kanpo gelditu zen, Otaegik baino 9 segundo gehiago behar izan baitzituen (21:34). Ondotik sailkatu ziren Mikel Larrañaga gipuzkoarra (21:48), Ugaitz Mugertza gipuzkoarra (22:14), Juan Jose Lopez nafarra (23:15) eta Unai Otaño gipuzkoarra (24:34).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun