Euskal Artzainei buruzko argazki erakusketa zabalduko da irailaren 25ean Beralandetan

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 25a, 10:57
Erakusketako argazkietako batean ageri da Dolores Lazkano zena, heldu den larunbatean omenduko duten emakumea.

Urriaren 3an Beran eginen den Artzainen Eguneko Bazkarirako txartelak hartzeko azken eguna irailaren 25a izanen da

‘Atzo, gaur eta beti’ lelopean, Ameriketan ibilitako euskal artzainei buruzko argazki erakusketa zabalduko da irailaren 25ean, ortziral arratsaldeko 7etan Berako Beralandetan. Datozen hiru asteburuetan, ortziraletik igandera zabalduko da erakusketa: irailaren 25, 26 eta 27an, urriaren 2, 3 eta 4an eta urriaren 9, 10 eta 11n, ortziraletan 17:00etatik 19:00etara eta larunbat eta igandetan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

 

Aipatu bezala, erakusketaren inaugurazioa irailaren 25ean, ortziral arratsaldeko 7etan eginen dute Beralandetan eta argazkiak utzi dituzten Berako artzainak ere bertan izanen dira. Berakoenak ez ezik, Baztan, Ituren, Zubieta, Etxalar eta Lesakako artzainen argazkiak izanen dira ikusgai.

 

Euskal artzainen besta urriaren 3an Beran

Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen urteroko besta urriaren 3an Beran izanen da aurten. Kultur-transimisoaren garrantzia azpimarratu eta azkeneko urteetan elkarte bezala egiten ari diren lana erakutsi nahi dute. Gainera, eta bereziki, aurten Ameriketara joan ziren emakumeen lana goraipatu nahi dute “beraiek izan zirelako, batez ere, gure kultura, hizkuntza, baloreak, beraien seme alabei eman zizkietenak».

Aurten, Koldo San Sebastian eta Olga Dolagarairen laguntzarekin, Bizkaiatik autobusen bat etortzeko ahalegina ere egiten ari dira eta Ameriketatik hainbat lagun etortzea ere espero dute.

Egun osoko besta izanen da urriaren 3koa. 10:00etan harrera eginen zaie artzainei eta hamaiketakoa ere prest izanen dute Berako Musika eskolako haurrek alaituta. 12:00etan meza eta bukaeran Dolores Lazkanori omenaldi ttiki bat eginen diote. Bankako Menditarrak taldeak ere, Ameriketara joandako emakumeei kanta bat eskainiko diete, kultur-trasmisioan egindako lana eskertuz.13:30ean bazkaria izanen da Francisco soinulariak alaituta. 18:00etan zozketak egin eta 19:00ak aldera bukatuko da festa. Egunean zehar Berako Kultur Etxean Baztan, Etxalar, Lesaka eta Berako artzainen argazkiak ikusteko aukera izango dute.

Bazkarirako txartelak irailaren 25era arte egonen dira salgai ohiko tokietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun