Herri-landaketetan kalteak sortzen dituzten aziendak berehala biltzeko deia egin du Lesakako udalak

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 22a, 07:12

Urriaren 5a bitarteko epea eman du, bertzenaz basa-animaliak deklaratuko ditu eta batida bat egiteko eskatuko dio Ingurumen Departamentuari

Lesakako Udalak egiaztatu du herriak egiten dituen plantazioetan aziendak nahita sartzen dituztela, nahiz eta plantazioak behar bezala mugatuak eta zerrakuraren bidez itxiak egon. Azienda horiek kalte handiak eragiten dituzte landaketetan, eta ondorioz, udalari gastu handia sortzen dio. Plantazioetan sartzen diren azienda horiek ez dutela identifikatzailerik ere ikusi da eta ondorioz, nahiz eta harrapatu, ezin izanen litzateke jakin nor den horien jabea.

Beraz, Udalak, alkateak irailaren 16an sinatutako bando baten bitartez, herri-landaketetan bazkatzen den aziendaren (ardi, behor, betizu…) titularrei eskatzen zaie berahala handik biltzeko. Hori egin ezean, Udalak herri-landaketetan aurkitzen diren etxe-abereak basa-animaliak deklaratuko ditu eta Ingurumen Departamentuari eskatuko dio batida bat egiteko fauna suntsitzeko, eragindako kalte larriengatik.

Aziendak erretiratzeko epea hogei egunekoa izanen da, bandoaren datarik kontatzen hasita. Beraz, urriaren 5a baino lehen bildu behar dira aziendak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun