Haur elebidunen hizkuntz arazoak aztertu dituzte Lesakan

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 15a, 12:40
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren udako ikastaroan parte hartu zuten adituak eta aurkezleak, Harriondoako atarian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Udalak antolatutako udako ikastaroa Harriondoan eskaini zuten 

Haur elebidunen (euskara-gaztelania) hizkuntz arazoen antzematea, balorazioa eta haietan esku-hartzea izenburupean udako ikastaroa egin dute Lesakan irailaren 12an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Lesakako Udalak antolatua. Bertze gaien artean, haur elebidunen hizkuntzaren garapena eta arazoen antzematea, entzumen arazoak dituzten haurrei aplikatzen zaien terapia eta berriki haur euskaldunentzako egokitu den Macarthur testa landu zituzten 40 bat lagunek larunbatean Harriondoa Kultur Etxean.

 

Azken test hau aipagarria da, orain artean ikastetxeetan euskaraz aritzen diren eta gaztelania menperatzen ez duten haurrei ere gaztelaniaz egiten baizitzaien test hau eta hortaz, ez zuten fidagarritasun handirik. Orain, euskaraz egiteko aukera dagoenez, fidagarritasun handiagoa izanen du, batez ere gure inguruko haurrei egiten zaienean.

Belen Compains pediatraren eta Patri Arburua euskara teknikariaren aurkezpenen ondotik, haur elebidunaren hizkuntzaren garapen tipikoaz aritu zen Andoni Barreña, Salamancako Unibertsitateko Euskal Filologiako irakaslea; hezkuntz elebiduneko hizkuntz garapenean arazoak antzemateko eta erabakiak hartzeko prozedurari buruz aritu zen Iñaki Garcia Fernandez, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea; euskaraz eta gaztelaniaz balidatu den Macarthur Test-a aurkeztu zuten Andoni Barreñak eta Iñaki Garciak; eskola inguruko hizkuntz arazoetan interbentzioaz aritu zen Natalia Jordán logopeda eta entzun-Ahozko Terapiaz (TAV) Naira Delgado logopeda.

Bazkal ondoan, bi lantegi egin zituzten aldi berean, bat profesionalei zuzendua eta bertzea familiei. Profesionalak MacArthur inbentarioaren interpretazioan eta manejuan aritu ziren eta familiak, inguru naturalen interbentzioan eta entzumen arazoak dituzten haurren esku-hartzean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun