Hondakin bilketa zerbitzua hobetzeko “Birziklapen etxolak” paratu dira eskualdean

Ttipi-Ttapa 2015ko abu. 28a, 12:31
Elizondo eta Etxalarren daude Baztan eta Bortzirietako Birziklapen etxolak

Baztan eta Bortziriek badute berena eta Malerrekak ere agudo izanen du

 

Baztango Udalak, Bortzirietako eta Malerrekako mankomunitateak orain arteko hondakin berezien bilketa zerbitzua hobetzeko, orain arteko zerbitzu mugikorraz gain, “Birziklapen etxolak” paratu dituzte. Etxola hauei esker, herritarrek ez dute, orain artean bezala, kamioiaren esperoan egon beharko eta edozein momentutan botatzeko aukera izanen dute.

Zaharberritutako etxolok Baztan eta Bortzirietan paratu badira ere, Malerrekak ere, urtea akitzerako, berea izanen duela aurreikusten da. Baztango etxola Elizondoko Jaime Urrutia karrikaren hasieran dago, Merkatuko plazan, esne makkina eta arropen edukiontziaren ondoan. Bortzirietakoa, aldiz, Etxalarren, herri sarrerako aparkalekuan. Hortaz, hemendik aurrera, bi herriotan kamioi bidezko biltzerik ez da izanen.

Etxolak paratu arte Baztan eta Malerrekan hilabetean behin eta Bortzirietan hilabetean bitan ibiltzen zen kamioiak zerbitzu bera egiten segituko du Malerreka eta Bortzirietan, Etxalarren salbu. Baztanen, ordea, urte akabaila arteko zerbitzuan aldaketa batzuk izanen dituzte. Hondakin berezien biltzean puntu mugikorrak, datozen hilabeteetan, honakoak izanen dira:

HONDAKIN BEREZIEN BILKETA MUGIKORRA BAZTANEN

EGUNA

HERRIA

ORDUTEGIA

 

IRAILAK 5/ ABENDUAK 5

Gartzain

9:35- 10:35

Lekaroz

10:45-11:45

Arraioz

11:55-13:00

Oronoz

13:10-15:00

 

URRIAK 3

Arizkun

9:35-11:00

Erratzu

11:10-12:30

Amaiur

12:40-13:50

Azpilikueta

14:00-15:00

 

AZAROAK 7

Irurita

9:35-11:00

Ziga

11:10-12:10

Aniz

12:20-13:20

Berroeta

13:30-14:30

Almandoz

14:40-15:00

 

Etxolek hainbat lehiatila dituzte eta lehiatila bakoitzak hondakin mota bat biltzeko irudi eta testua ditu. Hauexek dira etxolan bota daitezkeen hondakinak: bateriak, gasolio eta olio filtroak, bonbilak eta fluoreszenteak, erradiografiak, pilak, fitosanitarioak, garbiketa produktuak, sakeleko telefonoak edo mugikorrak, tonerrak eta inprimagailuen tinta-kartutxoak, gailu elektrikoak eta elektronikoak, olio minerala eta landare olioa (plastikozko pote itxietan), kutsatutako ontziak, pinturak, CD eta DVDak, aerosolak edo espraiak, eta kolak eta silikonak.

Baztango Udalak eta Malerreka nahiz Bortzirietako mankomunitateak etxolak erabiltzeko gonbitea egiten du, hondakin-kudeatze egokia lortzeko denon esku-hartzea beharrezkoa baita.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun